Osakidetzako enplegu politikaz hitz egiteko ordua iritsi da

2014/02/24
Kontratazio irizpideen eztabaida itxi ondoren sakoneko arazoari ekiteko garaia da, enplegu politika osoa. Eta, noski, eztabaida horren barruan hurrengo EPEen ondoren erabili beharreko kontratazio irizpideak adostu beharko dira.

Beraiek bakarrik sortutako arazoaren aurrean, pasaden ostiralean Parlamentuan Osasun Sailburuak jakinarazi zuen ez dituztela behin-behineko kontratazio irizpideak aldatuko, beraz, bi lehentasun zerrenda izango dira.

ELAk berriz ere salatu nahi du bai ordezkaritza sindikalarekiko bai gai honen inguruan antolatutako jendearekiko errespetu falta, inolako azalpenik eman gabe prentsa bidez izan baitugu honen berri.

Era berean, behin eta berriz errepikatu dugun moduan, Osakidetzak langileen politikaren eztabaida osoa mahaigaineratu behar du eta horren bidez, lapurtu dizkiguten lan-eskubide guztiak berreskuratzeaz gain, plantilla estruktural erreal guztia finkatzeaz eztabaidatu beharko luke.

Osakidetzak berak estruktural moduan aitortzen duen enplegua bakarrik mantentzeko konpromisoa hartu du, 25.800 lanpostu inguru, hilero, praktikan, 33.000 bat pertsona kontratatzen dituenean. 6.000 pertsonako diferentzia hau da etorkizunean enplegua murrizteko Osakidetzak hartzen duen marjina. Behin-behineko kontratazio irizpideen eztabaidan gai hau ezkutatu egin du eta ELAk azaleratu egin nahi du. Ez dago balio duen kontratazio irizpiderik kontrataziorik ez dagoenean.

Kontratazio irizpideen eztabaida itxi ondoren sakoneko arazoari ekiteko garaia da, enplegu politika osoa. Eta, noski, eztabaida horren barruan hurrengo EPEen ondoren erabili beharreko kontratazio irizpideak adostu beharko dira.

Azken puntu honi begira, kontratazio irizpideen eztabaidak hartu duen oihartzuna ikusita, ELAk konpromisoa hartzen du bere posizio historikoa militantziarekin eztabaidatzeko, beti ere kontratazio irizpide horiek EPE baten ondoren erabiltzekoak baldin badira eta ez bada eztabaida azterketa ondorenera atzeratzen.

Azkenik, ezin da ezkutatu gai honen emaitzak zuzenean izan duela zerikusia gaiak ukitutako pertsonen mobilizazioarekin. Zentzu horretan, Osakidetzako langile guztiontzat adibide izan dira, eros-ahalmena %17an kendu diguten langileoi, lanorduak handitu dizkigutenoi, 3.000 langile kaleratu dizkigutenoi, lan-kargak handitu dizkigutenoi, gaixotzeko eskubidea kendu digutenoi… Beti diogun moduan, antolakuntza eta mobilizazioa dira gelditzen zaizkigun alternatiba bakarrak.