Lanuztea deitu dute sindikatuek Lanbiden martxoaren 2rako

2015/02/20
Lanuztea deitu dute sindikatuek Lanbiden martxoaren 2rako
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek ondoz ondoko zuzendaritza-taldeek Lanbide antolatzeko eta kudeatzeko izan duten gaitasun eza salatu dute gaur goizean Gasteizen. Sindikatuok martxoaren 2rako lanuztea deitzea erabaki dute Lanbiden.

Sindikatuen Agiria:

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok, Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Orokorraren Sektore Mahaiaren ordezkaritzaren %100 osatzen dugunok, egun baterako greba-deialdia egiten diegu Lanbide Erakunde Autonomoko langile guztiei; martxoaren 2rako, hain zuzen.

Eskumen hori eskualdatu zenetik, orain dela 4 urte, Eusko Jaurlaritza ez da gauza izan Lanbide antolatzeko.

Lan-giroagatik langileek egunero jasan behar duten tentsioa gutxi balitz bezala, ondoz ondoko zuzendaritza-taldeek zerbitzu hori antolatzeko eta kudeatzeko izan duten gaitasun eza ere jasan behar izan dute.

Anabasa erabatekoa da. Kudeaketa txarra etengabea izan da, eta jarraibideak egunero aldatzen dira. Jarraibideak hain aldakorrak eta kontraesanekoak direnez, bulego bakoitzean modu desberdin batean aplikatzen dituzte.

Une batetik bestera egoerak okerrera egin dezake izugarri, zeren gobernua tematu da Lanpostu Zerrenda bat prestatzen, eta hortik sortuko diren postuak betetzen; halako moldez, ezen sindikatu GUZTIOK eta plantillaren gehien-gehienak sumindu eta amorratu gaituen.

Azken lau urteotan bileren segida amaigabeko zigorra pairatu behar izan dugu, baina gobernuak ez du amore eman negoziazioaren giltzarri-puntuetako batean ere, ezer ez. Ez dira saiatu benetako negoziazio bat egiten, ezta hurrik eman ere. Sindikatu guztiok susmo bat dugu: adarra jo gaituzte, baita ziria sartu ere. PNVk, Lanbide antolatzerik ez izateagatik aurreko gobernua hainbeste kritikatu zuenak, gero hankasartze berdinak edo okerragoak egin ditu. Aburto jaunak Lanbide abiarazteko eta antolatzeko mandatuarekin hartu zuen kargua, eta orain ihes egin du, Lanbide lokatzetan trabaturik eta langileak inoiz ez bezala asaldaturik utziz.

Gobernuak egin nahi duen zapalkuntza azkenean gauzatzen bada, langileek beste eraso bat hartu beharko dute beren lan-baldintzetan, baina zerbitzuan izango duen eragina ikaragarria izango da. Kudeaketa txarragatik nazka-nazka eginda dagoen plantilla batentzat, hori azken tanta izango da.

Hori horrela izanik, dei egiten diogu sailburu izendatu berriari, Toña jaunari, ez onartzeko karguan bere aurrekoak utzi dion opari pozoitsua. Guk premiatzen dugu lanpostu zerrenda eta plazak esleitzeko prozesua berehala erretiratzera; oraindik garaiz gaude anabas hau denon artean zuzentzeko.

Gure sumindura adierazteko, eta Lanpostu Zerrenda eta mugikortasun-prozesua erretiratzeko gure eskaera azaltzeko, bilera bat egiteko eskatu diogu sailburu berriari.

Gobernuak bere planteamendua berriz aztertzen ez badu, lanuzteko eguna ez ezik, abian diren prozesu guztiak auzitara joango dira, eta erakundeko lan-giroa ezin asmatuzko mailaraino asaldatuko da. Ausarkeria hutsa litzateke sailburu gisako agintaldia horrela hastea. Egia bada, Lanbide baldintza onetan abiarazi nahi dela, langileekin batera lan egin behar da, eta ez langileen aurka.