Elkarrizketa Sozialak soilik Patronalaren interesen alde egiten duela dio ELAk
ELAk eta LABek elkarrizketa sozialean parte hartu dezagun CCOOek egindako adierazpenen aurrean, ELAk orain arteko kritika berresten du: mahai horiek ez dute eraginkortasunik, eta patronalak nahi duen bake soziala bermatzeko besterik ez dute balio, sindikatuen berezko ardurak alde batera utziz, lan-baldintzak eta bizi-baldintzak hobetzea.
Azken 20 urteetako historiak argi erakusten du mahai horiek ez dutela edukirik, milioika euro banatzeko balio dutela, eta gizarteari lantokietan ematen ez den errealitate bat erakusten diotela, non Patronalak prekarietatearen aldeko apustua egiten duen (behin-behinekotasuna, soldata baxuak, malgutasuna…).
ELAk garrantzia edukiari ematen dio, foroaren edo argazkiaren gainetik. Gogoratu beharrekoa da LABekin batera Gobernuari 10 neurri zehatz biltzen dituen dokumentu bat helarazi diogula, enplegu gaietan aurrera egiteko.
Beste alde batetik, CCOOek “negatiboa izan den blokeen arteko enfrentamentu inertziarekin bukatu nahi duela” adierazi du. ELAren ustez CCOOen baieztapen hori sinesgarria izatetik oso urrun dago. Gogoratu beharra dago eredu sindikal ezberdinak izateaz gain, eta Elkarrizketa Sozialearen aldeko CCOOeko aurreko exekutibek egindako apustuak indarrean mantentzeaz gain, badirela sindikatuen posizio demokratikoa zehazten duten hainbat elementu.
Alde batetik, gogoratu beharra dago CCOOek, UGTrekin eta CEOErekin batera Madrilen erabakitzen dutela Nafarroan zein hitzarmen sektorial negoziatu ditzakegun eta zein ez. Estatalizazio estrategia da, Nafarroako hitzarmenak desagertarazteko. Honen aurrean, bai ELAk eta bai LABek, CCOOi eskatu diogu akordio interprofesional bat sinatzeko CENekin batera, Nafarroako hitzarmenek Madrilekoen aurrean lehentasuna izan dezaten.
Beste batetik, ELAk CCOOi galdegiten dio ea Nafarroako zenbait enpresetako giza baliabideetako departamentuekin hartu-emanik bai ote duen enpresa hauetako kontratazioetan sindikatu horretako afiliatuak lehenesteko. ELAren ustetan, era honetako ekintzek askatasun sindikalaren printzipioak urratzen dituzte guztiz.
Modu berean, duela gutxi desgaitasun hitzarmena negoziatzerakoak bizi izan dugun demokraziaren aurkako jarrerak daude. CCOOek eta UGTk bozkaketen emaitzak manipulatu zituzten langileek sindikatu hauek planteaturiko akordioa ez zutelako onartu.
Sindikalismoaren benetako desafioa ez dago ibilbide pobrea duten edukirik gabeko mahaietan parte hartzean, non Patronalak beto ahalmena duen gainera. Horregatik, berri txarra da CCOOek Elkarrizketa Sozialaren estrategia hau defendatzen jarraitzea, aurreko zuzendaritzen moduan.
ELAk uste du sindikatuen benetako erronka bai enpresetan eta bai sektoretan sindikalismoak indar gehiago izatea dela, hori da hartu beharreko ardura. Soilik gure indar korrelazioa hobetuz lehiatu ahal izango dizkiogu Patronalari dauzkan pribilegio eta abantailak.