UBER

ELA kezkatuta agertu da Uberrek Donostian jarduera hastearekin

2026/02/20
ELA kezkatuta agertu da Uberrek Donostian jarduera hastearekin
Bizkaian metatutako esperientziak erakusten du konpainiaren etorrerak prekarietatea eta langileen eskubideen urraketa dakartzala

ELAk Uber Donostian zerbitzua ematen hasi dela jakin ondoren sortutako kezka adierazi nahi du. Bizkaian metatutako esperientziak erakusten du enpresa-eredu horren ezarpenak lan baldintzen prekaritzazioa eta langileen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzea dakarrela.

ELAk gogorarazi du Uberrek urteak daramatzala Bizkaian lanean, eta bertan legez ezarritakoen oso azpitik dauden lan-baldintzak aplikatzeagatik zigortu dutela. Ildo horretan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epai irmo batek Bizkaiko Bidaiarien Garraioaren Hitzarmena bere plantillari aplikatzera behartzen du enpresa. Horretaz gain, lan ikuskaritzak ere hainbatetan zigortu du arau hauste ezberdinak medio.

Era berean, gaur egun, hitzarmen hori betetzeko eta lan-baldintzak erregularizatzeko langileek tarteratutako 70 banakako demanda inguru ditu enpresak. Eskaera horiek agerian uzten dute egiturazko gatazka bat, konponduta egotetik oso urrun dagoena, eta Donostian antzeko egoera bat aurreikusten da hau ekiditeko neurririk hartzen ez bada.

ELAk onartezintzat jotzen du lan alorrean behin eta berriz legedia betetzen ez duen enpresa batek bere jarduera inolako arazorik gabe hedatu ahal izatea, gainera lan-esparrua errespetatzeko berme argirik ematen ez duenean. Sindikatuak ohartarazi du ez duela onartuko Gipuzkoan lan eskubideen murrizketan eta errespeturik ezean oinarritutako eredu bat errepikatzea.

ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari eskatu die zaintza zorrotza burutu, eta lan eta gainerako arloetako araudia errespetatzen dutela ziurta dezatela. Ildo horretan, ELAk bilera bana eskatu die bi administrazio publikoei. Sindikatuak langileen eskubideak defendatzeko behar diren ekintza sindikal eta juridiko guztiak martxan jarriko ditu.