Ikastetxeko langileek lehen greba eguna egin dute gaur
Pasa den astean publiko egindako deialdiarekin jarraituz, Donostiako La Anunciata ikastetxeko langileek lehen greba eguna egin dute gaur. ELA sindikatuak jarraipenaren balorazioa oso positiboa egin du, ezarritako gutxiengo zerbitzuez haratago, greba eskubidea zuten langile guztiek babeste baitute greba deialdia.
Lehen greba egunean ikastetxearen itxiera eta beren lanpostuak galtzeko arrisku larria salatu dute langileek. Helburu horrekin ikastetxearen aurrean elkartu eta beren egoera auzotarrekin partekatu nahi izan dute.
Ikastetxea isteko asmoen berri eman ondoren, pasa den ostiralean Fundación Educativa Francisco Coll enpresak ikastxetxeak langileak kaleratzeko ERE prozesuari hasiera eman zion. Aurretik egin ez bezala, langileen ordezkariei kaleratze prozesuari hasiera ematen dieten komunikazio formalak igorri zizkien.
Hori horrela, gaurko elkartaratzean langileek beren lanpostuen defentsan jarraitzeko asmoa berretsi dute. Ikastetxea istearen erabakia enpresak aldebakarrez eta hurrengo ikasturterako matrikulazio epea zabaldu ere egin gabe hartu duela errepikatuz.
Asteazken eta ostegunerako ere bi greba egin dituzte deituta. Bi egun horietan Hezkuntza Sailaren eta Kristau Eskola Patronalaren erantzukizuna aldarrikatuko dute. Enpresa pribatu bat izan arren, Kristau Eskolaren kide den ikastetxe itundua da La Anunciata. Ondorioz, beren lanpostuen defentsan administrazioaren eta patronalaren esku-hartzea aldarrikatu nahi dute langileek.
Azkenik, kaleratze kolektiborako prozesua hurrengo asteetan zehar emango delarik, bere lanpostuen alde mobilizatzen jarraitzeko borondatea azaldu dute langileek.