UTE BIMEP 2021 (ARMINTZA)

Langileek mobilizazioak abiatu dituzte hitzarmen propioaren alde

2026/02/25
Langileek mobilizazioak abiatu dituzte hitzarmen propioaren alde
Segurtasun Pribatuaren Estatuko Hitzarmena aplikatzen zaie, itsas zaintza lanak egiten badituzte ere, Bimep eta EVErentzat azpikontratatuta

UTE BIMEP 2021eko langileek otsailean hasi dituzte mobilizazioak, beren eguneroko lanari egokitutako baldintzak jasoko dituen hitzarmen propioa eskatzeko. Elkarretaratzeak ostegunero egiten ari dira, goizez, Energiaren Euskal Erakundearen (EVE) eta enpresaren aurrean.

Gaur egun, 15 langile hauei Estatuko Segurtasun Pribatuko Hitzarmena aplikatzen zaie, nahiz eta egiten duten lana ez datorren bat sektore horrekin. Bimep eta EVErentzat azpikontratatutako zerbitzua eskaintzen dute Armintzan kokatutako lantokitik, nabigaziorako mugatutako eremu batean itsas zaintza-lanak eginez; bertan, besteak beste, Tecnalia bezalako enpresek egiten dituzte saiakuntzak.

2025eko martxoan, ELAk hitzarmen propioa negoziatzeko eskaera formala aurkeztu zuen. Ordutik, hiru bilera egin dira enpresarekin eta bat EVErekin, baina ez da aurrerapauso esanguratsurik eman.

Eskakizun nagusiak

  • Lan-egutegia antolatzea, hitzarmenak ezartzen dituen orduak betez.

  • Bi lan-kategoria ezartzea: Patroia eta Marinela, eginkizunen arabera.

  • 1.600 eurotik gorako soldata duinak, aparteko orduen beharrik gabe.

  • Oporraldien eta ordaindutako baimenen hobekuntza.

Aurrerapausorik ezean, langileek mobilizazioei eustea eta presioa areagotzea erabaki dute, beren lana aitortu eta duinduko duen hitzarmen propioa lortu arte.