ELAk nabarmendu du soilik mobilizazioak eta grebak geldiarazi dutela Iruñeako Miasa lantegian aldebakarreko soldata jaitsiera
ELA-MIASAko sail sindikalak lantegi honetako tailerreko langileei zorionak eman dizkie greba egin duten 11 egunotan erakutsi duten indar eta tinkotasunagatik; lanuzte honek enpresa behartu du aldebakarreko baldintza aldaketa eta honekin batera zetorren soldata jaitsiera handia baztertzera. Aldiz, nabarmentzekoa da ELAk ez zuela onartu plantillaren negoziatu eta mobilizatzeko indarra Lan Auzitegiaren erabakiaren baitan jartzerik; honek %15eko soldata jaitsierak ezarri zituen, enpresak nahi zuen bezala. Hori ezin da inola ere negoziazioaren abiapuntua izan.
Bestalde, azken proposamenak direla eta ELA-MIASAk langileen batzarraren iritzia jaso nahi izan zuen, eta zuzendaritzari idatziz emandako bermeak eskatu zizkion greba eten baino lehenago: lan-baldintzen funtsezko aldaketa behin betiko erretiratzea eta 2018 baino lehenago soldata-eskala bikoitza bertan behera uzteko konpromisoa. Gainera, enpresak hitza eman behar zuen akordioaren iraunaldi eta ultraaktibitatean ez zuela kontratuak amaitzeko EEErik ezarriko.
Greba etetea erabakitzeko izan zen bozketa doia medio (47-41), kontutan izanik enpresak ez ziela ELAren eskariei zehatz erantzun, aurreakordioa ez sinatzea erabaki genuen.
Azkenik, ELA-MIASAk ohartarazi nahi du oso garrantzitsua dela egungo enpresa-ituna hitzarmen estatutario bihurtzea, aplikatzeko berme guztiak dituen akordioa alegia, ez dadin gertatu etorkizunean enpresak berriro aplikatu nahi duela PPren erreforma laborala baldintzak okertzeko. Akordioa oraindik ez dago negoziatuta, eta oraingoz aipatu eta lotu gabeko gaiek kezkatu egiten gaituzte.
Edonola ere, MIASAko langileen borroka eta adoreak lortutakoa aintzat hartzeko modukoa da.