Urkulluren gobernua Estatuko gobernua gainditu nahian dabil, enplegua eta lan-baldintzak suntsitzeko lehian

2015/10/23
Urkulluren gobernua Estatuko gobernua gainditu nahian dabil, enplegua eta lan-baldintzak suntsitzeko lehian
Eusko Jaurlaritzak uko egin dio ELAren eskariari, alegia, murrizketa guzti-guztiak lehengoratzeko eskariari; eta apustu egin du enplegua eta lan-baldintzak suntsitzen jarraitzearen alde, berriz ere defizit-muga betetzeari, zorra ordaintzeari eta zerga-politika bidegabe bati jarraitzeari lehentasuna emanez.

Funtzio publikoaren mahai orokorraren gaurko bileran argi geratu da Urkulluren Gobernuaren asmoa zein den: murrizketak ezartzeko eta enplegua suntsitzeko politikarekin jarraitzea. Gaur arte politika horren ondorioz 9.000 lanpostu baino gehiago galdu dira, eroste-ahalmena %20 jaitsi da, behin-behinekotasunaren tasak %30etik gora igo dira, eta zerbitzu publikoak etengabe pribatizatu eta azpikontratatu dira. 

Berriz ere agerian geratu da Eusko Jaurlaritzak lehentasuna ematen diela defizit-muga betetzeari eta Madrilekin itundutako zorra ordaintzeari. Horri zerga-politika bidegabe bat gehitzen badiogu; atera daitekeen ondorioa zera da: enplegua eta lan-baldintzak suntsitzearen aldeko apustuak bere horretan jarraitzen du, Rajoyren Gobernua bera ere gaindituz, hemengo gobernuak ez baitu asmorik ezta Madrilek Estatuko herri-langileei egingo dizkien itzulketak  egiteko ere; hau horrela, jardunaldiari dagokionez, 2010eko Mahai orokorreko akordioa beteko duela jakinarazi digu 35 orduan berrezarriz, 2016 urterako %1eko soldata igoera planteatu du azken 5 urteetan murriztu eta izoztuta dauden soldaten gaiñean, %19tik gorako eroste ahalamenaren galera bere horretan mantenduz, eta 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren itzulketaren berri eman digu, gaiñerako %50aren zorra mantenduz.

Gaurko bileran honako hauek izan dira ELAren eskakizunak:

  • Negoziazio kolektiboa errespetatzea, sinaturiko hitzarmenak eta akordioak osorik betez, baita 2010eko mahai orokorrarena ere, beste inoren eskusartzerik onartu gabe, eta alde bakarreko ezarpenik gabe.
  • Enplegu-suntsipena geldiaraztea: 35 orduko lanaldia berriro ezarri, ordezpenak lehen egunetik egin, enplegu publikoaren eskaintzetan egitura-postu guztiak eta baja begetatiboak barne hartu.
  • Aldi baterako enplegua finkatzea, eta zerbitzuen pribatizazioa eta azpikontratazioa berehala etetea.
  • Galdutako eroste-ahalmena berreskuratzea.
  • Kendu diren gainerako lan-baldintzak berreskuratzea (aldi baterako baliaezintasunak, norberaren egunak, antzinatasun-egunak, Itzarrirako ekarpenak, eta erretiro aurreratua).

 

Gobernuak erabateko ezetza eman die ELAren eskakizunei lanaldiari dagokionez salbu. Eusko Jaurlaritzaren erabaki horren aurrean ELAk dei egiten die euskal zerbitzu publikoetako langileei eta, oro har, euskal gizarteari zentroetan geure burua antolatzera, eta mobilizazioak egiten jarraitzera, hain larriki eragiten gaituzten politika horiek errotik aldaraztearren.