ELAk salatu egin du Brasilen Temerren gobernuak MST kriminalizatu egin duela
Brasilgo nekazarien mugimendua, zeinen oinarri nagusia MST den, eredugarria da bere duintasuna eta erresistentzia gaitasuna medio. Latinoamerikako herrialde hau da munduan desberdintasun handiena dagoenetako bat, izan ere, lurra oso jabe gutxiren esku izan baita betidanik. MSTk urte asko darama borrokan lurraren bidezko banaketaren eta nekazaritza erreformaren alde, eta jabegoak -landa eremuan zein hirietan- funtzio soziala izan dezan.
ELAk Temer Brasilgo presidente izatera eraman zuen estatu-kolpea salatu egin zuen. Gobernu hau orain gizarte-mugimendu guztiak kriminalizatzeko politika ezartzen ari da, eta jopuntuan jarri du bereziki MST: Joan den azaroaren 4an polizia Guararemako Florestan Fernandes eskolan (ENFF) indarrez sartu zen, baimen judizialik gabe eta tiroka. Operazio polizial honen ondorioz bi lagun atxilotu zituzten eta pertsona bat zauritu.
Horregatik, ELAk brasildar poliziaren neurrigabeko ekintza bortitza gaitzetsi eta arbuiatu du, eta Michel Temerren gobernuari galdegin dio bere jarrera alda dezala; bere herrialdeko gizarte-mugimenduei zor zaien errespetua agertu behar die. Gainera, MSTrekiko gure elkartasuna adierazi eta giza-eskubideen eta berdintasunaren alde egiten duen lana goraipatu nahi dugu.