ELAk Kristau Eskolen zuzendaritza berriari eskatu dio akordioa bete dezala
ELAk greba deitu du EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan. Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek 2024ko otsailean sinatu zuten greba amaierako akordioa, eta geroztik, hainbat atal bete gabe jarraitzen dute. Esaterako, eskola orduaren murrizketa. Hori dela eta, ondorengo urratsak egin ditu ELAk: alde batetik, sindikatuak epaitegietara jo du eta urtarrilaren 20an egingo da eskola orduaren inguruko epaiketa; bestetik, urtarrilaren 20an bertan grebara deitu ditu langileak.
Kristau Eskolak zuzendari berria
Kristau Eskola Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronal nagusiak zuzendaritza berria izendatu du abenduan. ELA, izendapenaren berri izan bezain pronto, harremanetan jarri da zuzendari berriarekin eskatzeko jarrera alda dezala, alegia: 2024ko otsailean sinatutako greba amaierako akordioan adostutako eduki guztiak betetzea, hitzarmenean jasotzea eta 2025eko soldatak adostea.
Bide judiziala eta sindikala
Greba amaierako akordioa sinatu zenetik 23 hilabete igarota, akordioan adostutako eduki batzuk bete gabe daude, ELAren esanetan, “patronalen eta Eusko Jaurlaritzaren utzikeria eta fede txarraren erruz”. Adostutako edukiek hitzarmen batean jaso gabe jarraitzen dute, gainera. Izan ere, 16 negoziazio mahai egin dira epealdi horretan, gehienak ELAren ekimenez bultzatuta, eta hainbat elkarretaratze eta mobilizazio eginda ere, aurrerapausorik gabe jarraitzen dute langileek. Hori gutxi ez, eta sindikatuek Jaurlaritzari hiru aldiz biltzeko eskatu arren, Lakuak ez du baiezkorik erantzun.
Gainera, lortu diren aurrerapausoetako batzuk epaitegiei esker lortu dira. Hala nola, adostutako soldatak adostutako epean ordaintzea. Sindikatuek demanda aurkeztu zuten, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak patronalak zigortu zituen ordainketa egitera. Hala ere, zenbait konplementuk eguneratuta ordaindu gabe jarraitzen dute.
Adostutako eskola orduaren murrizketak ere bete gabe jarraitzen du, Kristau Eskola patronalak hala aginduta. Ondorioz, 2025-2026 ikasturtean, ikastetxeen %10 inguruk soilik erabaki dute eskola ordu bat gutxiago eta ordu osagarri bat gehiago ezartzea, akordioan jaso bezala. Erabaki hori ikastetxe horietako zuzendaritzek hartu dute, patronalen jarraibideei muzin eginez. Beste ikastetxeetan bete dadin, ELAk berriro ere epaitegietara jo behar izan du: urtarrilaren 20an izango da epaiketa EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.
Langileak, baina, ezin dira epaitegiek zer esango zain egon. Horregatik, adostutakoa bete dadila eskatzeko, ELAk greba deitu du: eskola orduaren murrizketaz gain, akordioan adostutako beste edukiak ere betetzeko, hitzarmenean jasotzeko eta 2025eko soldatak ere adosteko.
Azkenik, patronalak eskaerei muzin eginez jarraituz gero, ELAk garbi du epaitegiez gain, grebaren bidetik jarraitu beharko dutela langileek.