ZERBITZUAK 10. KONGRESU FEDERALA

Lakuntza: “Hemengo gutxieneko soldata lortzea ezinbestekoa da emakumeen eta migratzaileen soldata-arrakala murrizteko”

2025/11/20
Lakuntza: “Hemengo gutxieneko soldata lortzea  ezinbestekoa da emakumeen eta migratzaileen  soldata-arrakala murrizteko”
ELAko idazkari nagusiak aldarrikapen hau nabarmendu du Zerbitzuak federazioaren Kongresuan; honek hainbat sektore prekarizatu biltzen ditu.

ELAko Zerbitzuak federazioak Gasteizko Europa Jauregian bere 10. Kongresuari ekin dio ‘Berdintasunerako antolatu-Un sindicato para que ganemos tod@s’ lelopean. Biltzar honetan azken kongresutik hona federazioak izandako jarduerari buruzko kudeaketa txostena bozkatu behar da, baita hurrengo lau urteetan ekintza sindikala gidatuko duten bost ebazpenak ere:

1) Antolakuntza, inoiz baino beharrezkoagoa; 2) Berdintasunerantz antolatu; 3) Denok irabazteko; 4) Estatalizazioaren aurrean, esparru propioaren defentsa; y 5) Negoziazioa prestatu eskubideak irabazteko eta militantzia sortzeko. 

Kongresuan 200 ordezkari bildu dira 30.992 afiliaturen izenean; orain arte idazkari nagusi izan den Mari Cruz Elkororen ordez Ane Alberdi hautatzeaz gainera, Batzorde Iraunkorra osatzeko zerrenda berria ere bozkatu behar dute; hau da hautagai-zerrenda:

- Ane Alberdi Legorburu: Idazkari Nagusia

- Irati Ugarte Diaz: Genero Ekitatea. Eskumaldea

- Janire Ornes Uriondo: Bilbo

- Garazi Garate Otsoa: Ezkerraldea-Kadagua, Gernika-Durango, Ibaizabal-Nerbioi

- Egoitz Iturbe Saez de Nanclares: Gasteiz

- Manex Elortza Larrea: Donostia, Deba

- Maria Uria Etxeberria: Oarso-Bidasoa, Oria-Goierri, Urola-Kosta

- Pablo Sanchez Gonzalez: Nafarroa

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak goizean hitz egin du, eta nabarmendu du Zerbitzuak federazioak ELAren ekintza konfederalean duen garrantzia. Izan ere, sindikatuaren azkenaldiko aldarri nagusietako batek, Euskal Herrian bertan erabakitako gutxieneko soldatak (LGS), eragin handia du gaur Gasteizko kongresuan ordezkatutako sektoreetako langileengan: “Bertoko LGS baten aldeko borroka estrategikoa da ELArentzat; prekaritatearen kontrako borroka da, eta patronalarekin aberastasuna hobeto banatzeko norgehiagoka islatzen du; soldatak handitzea ezinbestekoa da pobreziatik milaka langile ateratzeko, baita emakume eta migratzaileek pairatzen duten soldata-arrakala murrizteko ere; hain zuzen ere, kolektibo hauek dira ELA-Zerbitzuaken gehien hazten ari direnak. LGSaren aldeko borroka -esan du Lakuntzak- arnasa luzeko ahalegina izango da: presio politiko eta sindikalari eutsiko diogu, lortu arte”. 

“ELAk azken hamarkadetan lortu dituen garaipen asko -jarraitu du Lakuntzak- sektore feminizatuetan izan dira, hau da, prekarizatuen dauden horietan; gehienak Zerbitzuak federazioaren alorretan. Sektore horietan izandako greba eta akordio on ugariek adierazi dute sindikalismoak ez duela mugarik antolakuntza kolektiboa landu eta bere konfrontazio-ahalmena areagotzen duenean. Horixe da gure eguneroko eginkizuna: Lan-zentro bakoitzean indartzea beldurra gainditzeko eta patronalarengandik lan-baldintza hobeak lortzeko. Soilik langileria oinarritik antolatzen duen sindikalismoak, konfrontaziorako prest dagoen sindikalismoak, izango ditu emaitza onak”.