ELAk 2028ra arteko hitzarmena adostu du soldata hobekuntzekin, lanaldi murrizketarekin eta kontziliazio neurri berritzaileekin
ELAk, enpresa batzordean gehiengoa izanik (ELA 3; LAB 2; UGT 2; ESK 1; independentea 1), akordioa lortu du Orozkoko Galletas Artiacheko hitzarmen kolektiboa 2028ra arte berritzeko. Hitzarmen berriak hobekuntza nabarmenak jasotzen ditu gehienbat emakumez osatutako 140 langile inguruko plantarako. Gainera, Euskal Herrian lotura sozioafektiboaren figura hitzarmenean txertatu duen lehen enpresetako bat da.
Kontziliazio neurri horri esker, langileek beren inguruko pertsonak izendatu ahal izango dituzte (odol- edo ezkontza-ahaidetasunik izan gabe ere) zaintzarekin lotutako zenbait baimen eta eskubide eskuratzeko, hala nola ospitaleratzeak, zaintzarako eszedentziak edo baimen ordainduak.
Bizitzaren garestitzeak markatutako testuinguru honetan, hitzarmenak KPIari lotutako soldata igoerak bermatzen ditu indarraldi osoan zehar, eta, horrez gain, erosahalmenaren %0,8ko berreskuratze gehigarria ere jasotzen du.
Lanaldiari dagokionez, urteko lau laneguneko murrizketa progresiboa adostu da: bi egun 2026an, egun bat 2027an eta beste bat 2028an; enpresan aurrekaririk gabeko aurrerapausoa da hori.
Gainera, hobekuntza sozialak ere txertatu dira, hala nola joan-etorriak konpentsatzeko garraio-plus baten sorrera eta lizentzia zein baimen ordaindu gehiago.
Akordioak, halaber, lantegiaren etorkizunerako bermeak jasotzen ditu: datozen bi urteetan 2 milioi euroko inbertsioa egingo da ekoizpen-prozesuak hobetzeko, eta egungo enplegu-mailari eutsiko zaiola hitzartu da.
Halaber, urrats esanguratsua egin da prekarietatearen aurkako borrokan; izan ere, aldi baterako langileen eta aldi baterako lan-enpresen (ABLE) bidezko kontratazioa erdira murrizten du, behin-behinekotasunera jotzea mugatuz.
ELAk oso balorazio baikorra egin du akordioaren inguruan, eta prozesu osoan plantillak izan duen jarrera azpimarratu du. Sindikatuaren esanetan, batasuna, mobilizazioa eta gehiengo sindikala giltzarri izan dira lan-baldintzetan eta prekaritatearen aurkako borrokan mugarri izango diren aurrerapenak lortzeko.