Europak migratzaileen eskubideak saldu ditu

2026/07/02
Europak migratzaileen eskubideak saldu ditu
Janire Landaluze, Azterketa Buelgoa
Europa guztian zehar eskuin muturrak hauteskundeetan eta eremu kulturalean izan duen gorakadak eragin du eztabaida publikoan gero eta posizio atzerakoiagoak agertzea, baina areago, azkenean Batasunaren politikak ere baldintzatu ditu. Europar erakundeek ez diote aurre egiten migratzaileen kontrako gorroto diskurtsoari eta kriminalizazioari; aitzitik, hein handian ultren marko eta lehentasunak bere egin dituzte.

Emaitza, Europako Migrazio eta Asilo Ituna; honek ostera ere asilo eskubidearen bermeak arriskuan jarriko ditu. Europa gero eta gehiago gotorleku bihurtzen ari da, aspaldian defendatzen ez dituen giza-eskubideen printzipioetatik aldendu ahala.

Migrazio eta Asilo Ituna indarrean sartzearekin batera Europar Batasunak giza-eskubideei dagokienez atzera egin du berriro. Elkartasuna eta erantzukizun partekatua oinarri dituen politika bat egin ordez Europa aspaldidanik eredu zeharo deshumanizatu bat finkatzen ari da; honen ardatzak, jendea geldiaraztea, mugak esternalizatzea eta migratzaile zein errefuxiatuak berehala kanporatzea. 2024rako Ituna "galdutako aukera" izan zen, eta mehatxu bat zen asilo eskubidearentzat eta jendea ez itzularazteko printzipioarentzat; orain horri erantsi behar zaio estatuek inolako gardentasunik gabe aplikatzen ari direla. 

Itunaren filosofia kezkatzekoa da: jendeari ez diote ailegatzen ere utzi nahi, eta lortzen badu, helburua da lehenbailehen kanporatzea. Prozedura azkartuak hedatu egin dituzte, eskariak egiteko epeak laburtu, eta kanporatzeko aginduak ia berehalakoak dira; honen erroan logika sekuritarioa dago, ez eskubideak bermatzeko borondaterik. Jendea hain azkar kanporatuta justizia eragozten da, nazioarteko babesak besterik eskatzen baitu: kasuz kasu egindako azterketak, arreta juridiko egokia eta denbora nahikoa, jendeak bere eskubideak gauzatzeko aukera izan dezan.

Itzulera Araudiak joera zital hori larriagotu egin du; Europako mugetatik kanpo deportazio eta atxilotze zentroak sortzea beste urrats bat da ardurak besteren gain jartzeko eta europar herrialdeen betebehar juridikoak gainetik kentzeko bidean. Paradoxa da europar erakundeek esatea mekanismo horiek soilik gauzatuko direla giza-eskubideak, nazioarteko zuzenbidea eta errefuxiatuak ez itzularazteko printzipioa aintzat hartzen diren herrialdeetan. Hain zuzen Europako Batasunak azken urteetan sinatu izan dituen migrazio-itun askori kargu hartu diote nazioarteko erakundeek, eta elkarte humanitarioek salatu egin dituzte, hirugarren estatu horietan eskubideen urraketa sistematikoa delako. 

Bereziki larria da "elkartasun malgu" delakoa: Honek estatuei aukera ematen die ordainduz gero errefuxiatuak hartu behar ez izateko. Horrela Europak elkartasunari prezioa ezartzen dio, eta nazioarteko babesa negozia daitekeen salgai bihurtzen du.

Espainiar estatuak ere baditu bere kontraesanak Itun honen aurrean. Nahiz eta Gobernua saiatu den bere burua kokatzen Europar Batasuneko aktore garantistenen artean, esaterako ohiz kanpoko erregularizazioarekin, Itunaren marko orokorra ontzat eman du, baita honakoak ere: Mugetako kontrola areagotzea, asilo prozedurak azkartzea eta atxilotze, itzulketa eta kanporatze logikak hedatzea. Gainera, hala jokatu du benetan parte hartzeko aukerarik eman gabe autonomia erkidegoei, udalei eta urte askotan migratzaileen harrera sostengatu izan duten erakunde sozialei.

Migratzaileen eskubideak bermatzeko politika publiko orokorrak sustatu behar dira, mugetako kontroletatik eta larrialdi egoeretako erantzunetatik haratago. Harrera ez da soilik gurera heldutako jende honi aldi baterako bizileku bat ematea; aitzitik, politika koordinatuak eskatzen ditu ere hainbat alorretan: etxebizitza, enplegua, hezkuntza, osasuna, hizkuntzen ikasketa, parte-hartze komunitarioa eta desberdintasunen kontrako borroka. Halaber, baliabide ekonomiko aski jarri behar da ziurtatzeko eskubidea benetan bermatuko dela. 

Aniztasuna mehatxu gisa saldu nahi duten gorroto diskurtsoen aurka, nortasunaren ikuskera itxi eta esentzialista islatzen dutenen aurrean, Euskal Herri plurala eraikitzea aldarrikatu nahi dugu, gauza izango dena jatorri, kultura eta ibilbide ezberdinak integratzeko. Kohesio soziala ez da etorriko uniformizaziotik, ez eta inork bere nortasunari uko egitetik ere: proiektu partekatu bat eraiki behar dugu, oinarritzat eskubideak, betebeharrak eta elkarren aitortza hartuta.