LANEKO OSASUNAREN ETA SEGURTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

ELAk ohartarazi du enpresek “absentismoa” erabiltzen dutela langileak kriminalizatzeko

2026/04/28
ELAk ohartarazi du enpresek “absentismoa” erabiltzen dutela langileak kriminalizatzeko
Bilbon 400 militante bildu ditu ELAk Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, lan osasunaren pribatizazioa eta prebentzio neurrien gabezia salatzeko. Besteak beste, 1.500 euroko gutxieneko soldata eta lan ikuskari kopurua handitzea eskatu du.

Apirilaren 28an, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, ELAk 400 militante bildu ditu Bilbon egindako ekitaldi eta manifestazioan, ‘Euskal Herrian absentismoa %0 da. Kriminalizazioaren aurrean, prebentzioa lehen lerrora!’ lelopean. Absentismoa iruzurrarekin lotzen duen diskurtsoa patronala zabaltzen ari dela ohartarazi du ELAk, langileak kriminalizatuz lan eskubideak murrizteko eta osasunaren kudeaketa gehiago pribatizatzeko helburuarekin.

Pello Igeregi ELAko lan osasun arduradunak adierazi duenez, “absentismo” gisa aurkezten diren egoera asko langileen eskubideei lotuta daude: baja medikoak, baimenak, oporrak edo grebak. Ildo honetan salatu du benetako arazoa ez dela absentismoa, prekaritatea baizik, eta patronalari dei zuzena egin dio: “Langileen aldi baterako ezintasunak murriztu nahi baditu onar dezala gutxieneko soldata 1.500 eurotara igotzea”.

ELAk nabarmendu du lan baldintzek eragin zuzena dutela osasun fisiko eta mentalean. CEPROSSen datuen arabera, aldi baterako ezintasun kasuen ia erdia gaitz muskuloeskeletikoekin lotuta dago, eta heren bat antsietate edo depresioarekin. Era berean, Europako Gizarte eta Ekonomia Kontseiluaren arabera, segurtasun ezaren sentsazioak nabarmen handitzen dute arazo psikologikoak izateko arriskua (depresioa pairatzeko arriskua %61 handitzen duela, antsietatea %77 eta suizidio arriskua %51).

Andoni Larralde lan osasuneko ordezkariak salatu du patronalak “absentismoaren aurkako gurutzada” baliatzen duela kontrol eta zigor neurriak justifikatzeko. Haren esanetan, benetako arazoa “presentismoa” da: langile asko osatu gabe lanera joatera behartzea. Gainera, kritikatu du mutuak eta enpresa pribatuak gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari direla bajen kontrolean, eta horrek osasun sistemaren ezkutuko pribatizazioa dakarrela.

Ekitaldian bi langileek hitz egin dute salaketa horiek sostengatzeko. Mercadonako langile batek azaldu du enpresaren presioak jasan zituela ebakuntza baten inguruan, eta Bilbobuseko ordezkari batek salatu du zuzendaritzak Qready enpresarekin lan egiten duela langileen absentismoa kontrolatzeko.

Egoeraren aurrean, ELAk prekaritatearekin amaitzeko neurriak aldarrikatuko ditu negoziazio kolektiboan, besteak beste 1.500 euroko gutxieneko soldata, behin-behinekotasuna eta nahitaezko lanaldi partzialak desagerraraztea, lan osasuna sistema publikoan integratzea, lan heriotzak murrizteko premiazko plana martxan jartzea, prebentzio neurri zuzenak hartzea, besteak beste.

ELAk gobernuak eta sindikatu “otzanek” patronalarekin elkarlanean aritzen ari direla kritikatu du, eta enpresen jardueraren gaineko kontrola indartzeko eta langileen osasuna bermatzeko baliabide gehiago aldarrikatu ditu. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, lan ikuskarien kopurua 52tik 120ra handitzea proposatu du. Igeregik adierazi duenez, “urteak daramatzagu enpresen jarduera kontrolatzeko baliabide gehiago eskatzen, baina ez dago Espainiako Gobernuarekiko gatazkarik ikuskarien kopurua handitzearen inguruan, gai hau ez baita lehentasunezko agendan sartzen. Gobernuek ez diete patronalei inongo deserosotasunik sortu nahi”.