Tuterako SIGMA BRAKESeko langileak UGTri erantzun diote

2016/07/08
Tuterako SIGMA BRAKESeko langileak UGTri erantzun diote
"Nazkatuta gaude akusazio faltsuengatik, gure borrokarekiko errespetu ezagatik eta UGT enpresaren estrategia antisindikal eta desmobilizatzailearekin bat egiten ari delako" adierazi dute langileek. Era berean, grebarekin jarraitzeko erabakia hartu dute.

Langileen batzarraren agiria:

Greba egiten ari garen SIGMA BRAKESeko langileok erantzun egin nahi diegu, eta agerian utzi, UGTk eta sindikatuak enpresan dituen ordezkariek uztailaren 5ean eman zuten prentsaurrekoan guri buruz bota dituzten gezurrak.

Nazkatuta gaude akusazio faltsuengatik, gure borrokarekiko errespetu ezagatik eta UGT enpresaren estrategia antisindikal eta desmobilizatzailearekin bat egiten ari delako.

  1. Greban gauden langileok askatasun osoz eta geure erabakiz ari gara, geure asmoa -eta hau zilegi da- lan-baldintza hobeak izatea baita.

  2. Ez da inola ere egia ordezkarien aurkako erasorik xaxatu edo saiatu denik, batik bat ELAren ordezkarien aldetik.

  3. UGTko ordezkariei greba utzi zutenetik eman zaien tratua beraiek greban zeudelarik lanean ari zirenei ematen zieten tratu berbera da.

  4. UGTko ordezkariek saldu egin gaituzte. Greban jarraitzen duten ordezkari eta sindikatuek hitz eman zuten gauza batzuk defendituko zituztela, eta horretan ari dira; UGTk, ordea, hitza jan egin du.

  5. Ekaineko greba batzarrak erabaki eta Batzorde osoak deitu zuen, UGTko ordezkariak barne; halere, erreferendumaren emaitza ezagutu aurretik iragari zuten ez zutela greban jarraituko.

  6. Bozketan ez zen inolako bortxarik izan. Ekainaren 23an plantillak, UGTk proposatuta, bere aurreakordioari buruzko botoa eman zuen, askatasunez, inolako bortxa eta persiorik gabe; are gutxiago lantegian dauden sindikatuen aldetik (hauek beren iritzia beste sindikatuekiko eta langileekiko erabateko errespetuz eman zuten). Parte hartzea %93koa izan zen, eta aurreakordioa atzera bota zen, 130 aurkako eta 83 aldeko botorekin, beharrezko hobekuntzarik ez zekarrelako eta gutxieneko helburuak ere iristen ez zirelako.

  7. Gure borrokarekiko errespetua exijitzen dugu. Kantzerra eragiten duen produktu batekin ari gara lanean, hauts asko irensten dugu, pisu handiak mugitu behar ditugu, tenperaturak jasanezinak dira eta enpresak ez du benetako neurririk hartzen egoera hobetzeko. Aspaldiko urteetan gure eguneroko lana gehitu besterik ez da egin; haatik, lanpostuak ez dira hobetzen eta soldata eta atseden egunak murriztu egin dizkigute. Garai berean enpresak dirua inbertitu du lantegia zabaltzeko eta produkzioa gehitzeko, baina ez du langileengan inbertitu. Gure iritziz hobekuntza horiek exijitzeko unea iritsi da. Laguntzeko prest ez bazaudete, gutxienez trabarik ez egin.

  8. Kontratuen inguruko kopuru faltsuak. Lehenik, gure goraipamena eta elkartasuna arriskuak gorabehera borroka hau babesten duten aldi baterako gure lankideekin. UGT gezurretan ari da mugagabeko kontratuei buruz, 17 baitira egin beharrekoak, eta ez 30 (13 aurrez eginda zeuden). Hau ona den arren, lankide gehiagok izan behar du kontratu finkoa; ia 100 dira aldi baterako eta ABLEetako langileak.

  9. Enpresa da enplegua jokoan jartzen duen bakarra. Pertsonekin eta lanpostuekin dabil jolasean. Aldi baterako kontratuak ez ditu berritzen, eta jendea ABLE bidez hartzen du, helburu bakarrarekin: beldurra sartzeko eta bere bozeramaileek esan dezaten enplegua arriskuan dagoela.

  10. UGT eta enpresa elkar hartuta ari dira jokatzen. Greban gaudenon aurkako jarrerak onuradun bakarra du, enpresa, eta honek ez du sekula negoziatu nahi izan; gu erretzea beste helbururik ez du, akordio hutsal bat sinatu arazi eta lantegian guztiak lehengoan jarrai dezan.

  11. Egoeraren arduradun nagusia enpresa da. Berez ez dugu grebarik egin nahi, baina ez dugu beste aukerarik izan. Dioten moduan enpresak bezeroak artatzeko arazoak baditu, zertan ari dira zuzendaritzakoak, ez baitute irtenbiderik bilatzen? Blokeoa eta ez negoziatzeko erabakia zuzendaritzak hartu du; grebalariak zain gaude noiz deituko gaituzten, normaltasunera itzultzeko akordioa lortze aldera.