ELAk funts putreek mehatxatutako familien etxegabetzeak geldiarazteko exijitu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari
ELAk babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die Erandioko Los Ochoseko bizilagunei, urteak bizitzen ari diren etxebizitzetan jarraitzeko borrokan ari baitira. Higiezin horiek Mosaic Propcori saldu izanak eta kontraturik ez berritzeko erabakiak dozenaka familiak euren etxeetan jarraitzea mehatxatzen du. Egoera bereziki premiazkoa da kontratuak datorren astean amaitzen zaizkien pertsonentzat.
Erandion gertatzen ari dena ez da gertakari isolatu bat. Antzeko egoerek ehunka familiari eragiten diete Euskal Herrian. Donostiako Benta Berrin inbertsio funts baten jabetzakoak diren alokairu babestuko 500 etxebizitza baino gehiago etxegabetzeko arriskuan daude 2028an babesa amaitzen zaienean. Iruñean, Testa Residencial enpresaren jabetzako 500 etxebizitza ingurutan bizi diren familiek jakin dute euren kontratuak ez dituztela berrituko 2027 eta 2030 artean amaitzen direnean, etxebizitzak merkatu librean saltzeko. Horri udalerri ezberdinetan gertatzen ari diren beste kasu batzuk gehitu behar zaizkio.
ELAren ustez, gatazka horiek guztiek ezaugarri komun bat dute: etxebizitza errentagarritasuna lortzeko finantza aktibo bihurtu da, eta aldi berean, bigarren maila batean uzten da haren gizarte funztioa eta pertsonek etxebizitza duin eta eskuragarria izateko duten eskubidea.
ELAren ustez, Eusko Jaurlaritza ezin da mugatu Erandioko gatazkan behatzera edo bitartekari lanak egitera. Esku hartu behar du, familiek beren etxebizitzetan jarraitu ahal izatea bermatzeko eta espekulazio operazio baten ondorioz beren etxeetatik kanporatzea saihesteko. Era berean, Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiek presioa egin behar dute etxegabetzeen aurkako dekretua ahalik eta azkarren onar dadin.
Eusko Jaurlaritzak iragarri du bizkortu egin nahi duela Erandio bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzea, eta adierazi du prest dagoela etxebizitzen erosketa aztertzeko. Hala ere, eremu tentsionatuaren deklarazio hori jada eraginkorra izan zitekeen, baldin eta Eusko Jaurlaritzak ekimena hartu eta erabakia udalen esku utzi ez balu. ELAren ustez, eskura dauden tresna guztiak erabili behar dira kaltetutako familiak berehala babesteko. Hala ere, ezin da arazoaren behin betiko irtenbide gisa aurkeztu.
Beraz, neurri estrukturalak behar dira, bizileku krisiaren ondorioak aldi baterako kudeatzetik askoz harago doazenak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak merkatuaren menpeko politika utzi eta etxebizitza eskubide subjektiboa modu eraginkorrean bermatu behar dute, alokairuko parke publiko iraunkorra erabakitasunez zabalduz.
Era berean, ELAk ezinbestekotzat jo du putre funtsen sarrera eta jarduna debekatzea. Ez da onargarria ehunka familiaren etxea osatzen duten eraikin osoak eta etxebizitzak aktibo finantzario gisa eskuratzea, haien errentagarritasuna areagotzeko prezioak igoz, kontratuak ez berrituz edo ondoren salduz.