EUSKARA

ELAk lege bat eskatu du euskaraz lan eta zerbitzua jasotzeko eskubidea bermatzeko

2025/12/17
ELAk lege bat eskatu du euskaraz lan eta zerbitzua jasotzeko eskubidea bermatzeko
'Euskaraz lan eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez’ leleopean, sektore publikoko langileek manifestazioa egin dute Gasteizen ELAk, LABek eta Steilasek deituta. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak euskara eskakizunak ezartzea zalantzan jarri du CCOOk bultzatutako salaketa baten ondorioz, eta Auzitegi Konstituzionalera eraman du.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, sektore publikoko ehunka langilek parte hartu dute Gasteizen eginiko manifestazioan, 'Euskaraz lan eta bizitzeko eskubidea bermatu’ lelopean. Bilbao Plazatik abiatu da eta Legebiltzarrean bukatu.

Manifestazioaren bukaeran, sindikatuek adierazi dute euskararen kontrako oldarraldi betean gaudela, eta beharrezkoa dela sektore publikoan euskaraz lan egin eta zerbitzua jasotzeko eskubidea bermatzeko lege bat, Estatutik etor litezkeen esku-hartzeen aurrean blindatuta. 

ELAren iritziz, bada garaia alderdi politiko, sindikatu eta epaile euskarafoboei aurre egiteko eta euskararen ofizialtasun osoa aldarrikatzeko. Egungo marko legal eta konstituzionalak euskaldunon hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen ditu. Euskaldunek berdintasun eskubidea bermaturik behar dute eta, ondorioz, bizitzako alor guztietan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu behar dela oroitarazi du ELAk. Finean, autogobernu gehiago behar da eskubide hau bermatu ahal izateko.

Espainiako epaitegi, sindikatu nahiz alderdi politikoak oldarraldi betean ari dira euskara bigarren mailako hizkuntza izan dadin eta gaztelaniaren inposaketa normalizatzeko. Auzitegi Nagusiaren epaiak berriro ere gogora ekarri du aurretik ezarritako jurisprudentzia: "bi hizkuntzen arteko orekak eskatzen du bi hizkuntzetan egitea edo guztiek ezagutzeko betebeharra duten hizkuntzetan egitea". Hots, horrek esak nahi du administrazioak bi hizkuntzatan edo gaztelaniaz soilik aritu daitezkeela, eta inolaz ere ez euskara hutsez. 

CCOO sindikatuak bere helegitearekin nahi du euskaldunon hizkuntza eskubideak zokoratu, eskubide horiek urratu, eta langile guztiak gaztelaniaz soilik aritzera derrigortu. Gainera, alderdi eta sindikatu horiek argudiatzen dute hizkuntza eskubideak kontrajarriak direla lanarekin, ahaztuta sindikatu eta alderdi horiek direla behin-behineko egoeraren errudun, besteak beste Madriletik eratorritako erreposizio tasen bultzatzaile dira.

ELAk uste du langile horiek egonkortu behar direla, eta epeak eta baliabideak ezarri hizkuntza eskubideak errespetatzeko; baita egun euskara ezagutu gabe lanean ari diren langileak kontuan hartuta ere, batzuei erretiroa hartzen utzita eta besteei ikasteko aukera errealak eskainita. Neurri horiek ezartzeko eta hizkuntza eskubideak bermatuko duen legea behar da. Hori lortzeko, ELAk mobilizatzen jarraituko du.