Auzitegiak CCOOk gutxiengoan sinatutako hitzarmena baliogabetu du, legez kanpoko artikuluak zituelako
ELArentzat epai honek garrantzi handia du. Alde batetik, hainbat hilabetetan gertatzen ari zen legezkontrakotasun bat zuzentzen duelako. Bestalde, agerian uzten du akordio hori sinatu zuten bi aldeen jarrera antidemokratikoa: sindikatu sinatzailearena (CCOO) eta sektoreko patronalena. Hori guztia herri-administrazioek babestuta eta baimenduta.
Duela bi urte akordio hori sinatu zenean, ELAk adierazi zuen mahaiaren eta sektorearen bizkarrean egindako akordioa izan zela eta izaera antidemokratikoa zuela. Baita, legez kanpoko artikuluak jasotzen zituela, orokortasunean legeak egitea bilatzen zutelako eta hori ezinezkoa zelako gutxiengoan sinatutako testu baten bidez.
Azken urteotan zaintzaren arloan gutxiengoan sinatutako hitzarmenak sinatu dira, bai sektorean, bai enpresetan. ELAk oso larritzat jo du, egunez egun sindikatu bati botoa eta babesa ematen dioten langileen borondatea usteltzen baitu. “Gutxieneko arau demokratiko batzuk ez betetzea kezkagarria da. Eta zentzu horretan, hori gertatzeko babesa ematen duten administrazio publikoak ere aipatu behar ditugu”.
Gaur egun, Arabako sektore honen mahai negoziatzailea berriz ere irekita dago. ELAk argi du aurreko negoziazioan gertatu zena ezin dela errepikatu. ELAk borrokan jarraituko du Arabako etxez etxeko laguntza-zerbitzuan eta zaintza sektore guztietan, langile guztien lan-baldintzak hobetzeko.