CONFEBASKeko presidentea, Tamara Yagüe, gezurretan ari da euskarari eta ELAri buruz
Uztailaren 12an, Correo egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean CONFEBASKeko presidenteak, Tamara Yagüek, baieztatu du ELAk ez duela sekula negoziazio mahai batean euskaraz aritzea eskatu eta, horrez gain, ELAk euskara konfrontaziorako tresna gisa erabiltzen duela adierazi zuen. Tamara Yagüe gezurretan ari da eta ELAk berehalako zuzenketa eskatzen dio. Soilik azken 4 urteetan ELAk ondorengoa egin du:
-
2024 urte hasieran ELAk egungo Lan Harremanen Kontseiluko presidentearekin, Emilia Malagarekin, aurkezpen bilera izan zuen eta bertan adierazi zuen negoziazioetan euskara erabiltzeko asmoa zuela eta Lan Harremanen Kontseiluak baliabideak jartzeko eskatu zuen.
-
2025eko urtarrilaren 16an PRECO akordioko (lan gatazken epaitegietatik kanpoko konponbiderako akordioa) batzorde paritarioa izan zen. Bertan Lan Harremanen Kontseiluko osoko bilkurako kideak zeuden (CONFEBASK, LAB, CCOO eta UGT). Bilera hartan, besteak beste, CONFEBASKen ordezkariak zeuden, patronalaren arlo juridiko eta lan-arloko arduraduna eta LHKko ordezkaria buru. Batzorde Paritarioaren ondoren LHKko osoko bilkura zegoenez, ELAk eskatu zien bertan eztabaidatu zezatela negoziaketak euskaraz egin ahal izateko baliabideak nola ezarriko ziren.
-
Azken bi urte hauetan ELAk euskaraz negoziatzea eskatu du Enplegu Zentru Berezien lehen hitzarmena, gutxieneko soldata ezartzeko Lanbidearteko Akordioaren negoziaketa edo gizarte ekimeneko ikastetxeen negoziaketa. Bada, hiruretan horretarako prestaketarik ez duten Lan Harremanetako Kontseiluko teknikariek egin behar izan dute itzulpen lana (hiruretan patronaleko ordezkariak, CCOO eta UGT sindikatuetakoak gaztelaniaz aritu dira). Beraz, ELAk ondo daki zein oztopo dauden negoziaketak euskaraz egin ahal izateko.
-
2022 eta 2023 urteen artean ELAk, LABekin eta Kontseiluarekin batera, hainbat bilera izan zituen Euskara Planak enpresetan hedatzeko lanbidearteko akordio bat eskatzeko. CONFEBASKek, CCOOk eta UGTk bezala, uko egin zion negoziaketa hori irekitzeari eta argudiatu zuen “euskara ez zegoela enpresen lehentasunen artean” eta “enpresek ez zutela ulertuko euskararen gaian sindikatuekin akordio bat erdiestea”
Edonola, ELAren ustez nazkagarria da oinarrizko eskubide bat aldarrikatzen duen eragile bati leporatzea bere zapalkuntzaren ardura. Kasu honetan, ELAk eskatu du baliabideak egon daitezela 27 negoziaziotan euskaraz negoziatu ahal izateko. ELAk erabaki hau hartu du aurretik eskaera horiek banan-bana egin dituenean ez delako inongo baliabiderik jarri eta, ondorioz, negoziaketak orokorrean gaztelaniaz egitera derrigortu delako.
Sindikatu batek erakunde publiko batean gauzatzen diren negoziaketak euskaraz egin nahi dituela adieraztea eta 27 kasutan ez diola horri uko egingo esatea CONFEBASKek konfrontazio gisa hartzea patronalaren euskararekiko sentiberatasun faltaren oso adibide argia da.
ELAk zuzenketa eskatzeaz gain, CONFEBASKi eskatzen dio utzi diezaiola langileen hizkuntz zapalkuntzaren arduradun nagusi izateari, CCOO eta UGT sindikatuekin batera, eta hasi dadila neurriak hartzen langile guztiek euskaraz ere lan egiteko eskubidea izan dezaten.
Elkarrizketa berean Tamara Yagüek beste hainbat aipamen egin zituen langileen eskubideen aurka. ELAk datorren asteazkenean aurkeztuko du lan osasunari buruzko txosten bat eta bertan erantzungo ditu CONFEBASKen presidentearen erasoak.