ELAk Nafarroako segurtasun eta osasunean dagoen utzikeria salatu du Eskubide Sozialen Departamentuan
ELAk salatu du Nafarroako segurtasun eta osasunean dagoen utzikeria Eskubide Sozialen Departamentuan eta San Joseko erasoen aurkako taldeak ez duela funtzionatzen antolaketa faltagatik eta langileriari informazioa ez emateagatik. ELAk eskatu du gai ordenean zenbait puntu sartzeko: San Joseko egoera psikosoziala, erasoez hitz egiteko mahai baten eraketa, ezgaitasunerako ateratzen diren plazak ohiko langile kopuruaren gainetik ateratzeko eta plazak osasun irizpideekin baloratuak eta egokituak izan daitezen langileak sartu baino lehen, beste gai batzuen artean.
ELAk gogorarazi nahi du barne bortizkeriaren aurrean badirela jokabide gida berriak, eta zentroek erabiltzaileen profila aldatuko badute, lehenik eta behin baliabideak jarri beharko dituztela, bai giza baliabideak eta bai materialak. Gainera, langileei formakuntza berezia eman beharko diete, eta hau guztia, langileen zilegizko ordezkariak direnekin negoziatu ondoren.
Era berean, ELAk salatu nahi du urritik ez dela batzorderik egin, eta Administrazioak 10 puntu baino gehiagori buruz hitz egin nahi duela bi ordutan (puntuok Administrazioak eta sindikatuak proposatutakoak dira). Honekin guztiarekin, argi dago Administrazio honentzat Osasun eta Segurtasun batzordeak itxurakeria besterik ez direla eta langileon osasuna ez dela lehentasunezkoa.