GURUTZETA OSPITALEA

ELAk elkarretaratzea egingo du langile baten heriotza salatzeko

2025/11/05
ELAk elkarretaratzea egingo du langile baten heriotza salatzeko
ELAk salatu du Gurutzetako Ospitaleko sukaldeko langilearen heriotza ez dela gertaera isolatua, ezta ustekabekoa ere, baizik eta lan baldintza jasanezinen eta Osakidetzak bere plantillaren lan osasunari ematen dion arreta ezaren ondorio zuzena. ELAk elkarretaratzea egingo du ostiralean, 12:00etan, Gurutzetako Ospitaleko ate nagusiaren aurrean, Ezkerraldea ESIko Langileen Batzordearekin batera.

Aurten, gutxienez 47 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian lanean ari zirela (11 Bizkaian, 9 Gipuzkoan, 7 Araban eta 20 Nafarroan). Heriotza horietako bakoitzak izendatu beharreko erantzule eta egiturazko kausak ditu.

Arrisku psikosozialen ebaluaziorik ezak, laneko arriskuen balorazio zaharkitu eta orokorrek eta benetako prebentzio neurririk ez egoteak agerian uzten dute lanaren antolaketak lehentasuna ematen diela produktibitateari, murrizketei eta plantillen gaineko presioari, osasunaren eta bizitzaren gainetik. Gainkarga, lan erritmo neurrigabeak eta akidura fisiko eta emozionala ez dira istripuak: osasun sistema publikoa sostengatzen dutenak arriskuan jartzen dituzten erabaki politikoen eta kudeaketa erabakien emaitza dira.

ELAk adierazi du ezin dela normalizatu lanera joateak bizitza arriskuan jartzea. ELAk berehalako neurri eraginkorrak eskatzen ditu: lanpostu bakoitzaren ebaluazio espezifikoak eta eguneratuak, lan kargen eta erritmoen benetako murrizketa, eta plantillaren osasun fisikoa eta mentala babestuko duten prebentzio neurri eraginkorrak ezartzea. Lan-osasuna ez da administrazio-izapide bat: hil ala biziko kontua da.

Gertaera horiek salatzeko eta erantzukizunak eskatzeko, ELAk elkarretaratzea egingo du ostiral honetan, 12:00etan, Gurutzetako Ospitaleko ate nagusiaren aurrean, Ezkerraldea ESIko Langileen Batzordearekin batera.