“Sindikalgintzaren etorkizuna enpresetan izango duen antolakuntzan dago”

2013/01/23
“Sindikalgintzaren etorkizuna enpresetan izango duen antolakuntzan dago”
Egungo idazkari nagusia eta kargurako hautagai bakarra den Adolfo Muñoz Txiki izan da Batzorde Eragilearen izenean Kongresuko 736 ordezkarien aurrean kudeaketa txostena aurkezteaz arduratu den pertsona. Bere txostenean Muñozek azken kongresutik gaur arterainoko ibilbidearen errepaso zehatza egin du.

Idazkari nagusiak onartu duenez egungo ekonomiaren abaguneak eta krisia gure jendearentzat suposatzen dituen ondorio tamalgarriek eragin izugarria izan dute bai sindikatuaren egunerokotasunean eta bai Batzorde Eragilearen kudeaketan. “Zoritxarrez, ELAk asmatu egin zuen krisiaren zergatien diagnostikoan. Globalizazio neoliberalaz baliatuta eta gobernuen konplizitatearekin kapitalak bere mesedetan erabili nahi du berak eta ez beste inork eragindako krisia. Bi helburu ditu: Zorra erabiliz, esparru politikoa a soziala diziplinatzeko, diru eta botere gehiago eskuratu nahi du”.

“Eskubide laboral eta sozialei, publiko eta kolektibo den edozeri egiten zaien eraso sistematikoa pairatzen ari gara. Kapitalari ez diote axola bere erabakien ondorioek. Desberdintasunak gauza natural eta bidezkoa dira eurentzat. Jasaten dugun kapitalismoa giza-duintasunarekin bateraezina da. Eskubide horren kontra borrokatu dugu”.

Egungo abagunea aztertu ostean Muñozek ELAk azken lau urte hauetan egindako lana defendatu du. “Krisi hau nortasun kolektiboari dagokionez benetako erronka da. Egin behar dugunari buruz galdetzera eraman gaitu. Erantzuna erraza da: langile-klasea gara eta gure erantzukizun nagusia gure jendea antolatzea da. Zertarako? Erresistentzia sindikal eta soziala gauzatzeko. Ez dago beste biderik. Lan hau ezin da inorengan delegatu; guk egin behar dugu”.

“Horretan ari gara –gaineratu du Muñozek–. Egin dugu guri dagokiguna eta harro egon behar dugu. Historia prozesu gisa ikusi behar da. Ez dugu etsi eta ez dugu etsiko. Orain ere, ELAk sindikalismoaren beharra aldarrikatzen du. Hori da gure oinarria eta gure ekintzen iparra. Eta azpimarratu beharra dago ELAk, bere estrategiak erabakitzeko orduan, autonomia osoa duela; kanpoko inork ez digu esan zer egin behar dugun”.

Bere parte-hartzea amaitzeko Muñozek militantzia guztiaren lana eta esfortzua eskertu nahi izan du Batzorde Eragilearen izenean. Horretarako jakina eta agerikoa den baina era berean aitortzea ezinbestekoa den gauza bat azpimarratu du. “Militantziarik gabe, egunez-egun langile-klasearen eskubideen alde borrokatzen duten horiek gabe, ezinezkoa izango litzateke kongresuen arteko epe honetan egin duguna egitea. Zuek gabe ez litzateke posible”.

Ikusi txosten osoa

Ikusi bideoa