Estatuaren hamaikagarren erasoa autogobernuaren aurka
ELAren ikuspegitik Estatuaren txostenak beste eraso bat dira euskal autogobernuaren aurka, eta Estatuaren gizarte- eta politika-arloetako inboluzio-agendaren beste erakusgarri bat. Gainera, ELArentzat onartezina da Konstituzioari men egiteko betebeharra.
Txostenetan jasotako oharrak eta ekarpenak okertzeko dira, are gehiago, legebiltzarrean izapidetze-aldian dagoen Euskal Enplegu Publikoaren Legearen proiektua. ELA oso kritikoa izan da, eta da, Eusko Jaurlaritzaren testuarekiko; zeren bide ematen du euskal administrazio publikoetan lan-erreforma sartzeko, eta enplegua suntsitzen jarraitzeko. Gainera, bertako funtzio publiko bat garatzeari uko egiten zaio, eta negoziazio kolektiboaren eskubidea ezesten du.
Lakuak aurkezturiko testuan euskal sektore publikoan hainbeste hedatu den pribatizazioa finkatzen da —55.000 langiletik gora gaur egun—, eta are gehiago zabaltzeko aukera ematen da.
Euskal administrazioetako arazo nagusietako bat behin-behinekotasuna da. Hiru langiletik bat aldi batekoa da. Eta lege-proiektu horretan, egoera larri hori mugaru beharrean, areagotzeko erraztasunak ematen ditu.
Estatuak egindako ekarpenek eta oharrek larriagotu dute behin-behineko egoera hori, zeren behin-behinekotasuna mugatzeko dauden neurriak, berez, murritzak badira, are murritzago utzi nahi dituzte.
ELAk berriro eskatzen dio Urkulluren gobernuari lege-proiektu hori berehala erretiratzeko, eta lehen aipaturiko euskal administrazioetako arazoei ganoraz heltzeko. Aldi berean, Estatuaren ekimena salatzen du, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Madrili aurre egitea autogobernuaren alde eta negoziazio kolektiboaren euskal esparruaren alde.