ELAk Nafarroako Gobernua gaitzetsi du, industria jarduerari eusteko ahaleginak osasun publikoaren aurka egiten duelako

2020/04/01
ELAk deitoratu egin du Ekonomiaren Garapen eta Enpresa Sailaren informazio-oharra, funtsezkotzat jotzen ez ziren enpresen jarduera ahalbidetzen duena. ELAk atsekabe osoz ikusten du Nafarroako Gobernua pandemiaren aurka borrokatzen diren profesionalek defendatzen dituzten irizpideak betetzearen aurkako jarreren abangoardia bihurtu izana.

Ekonomiaren Garapen eta Enpresa Sailak informazio-ohar bat kaleratu du gaur, funtsezkotzat jotzen ez ziren enpresen jarduera ahalbidetzeko. Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak, CENen jarrera bera izanik, Estatuko Gobernuaren Dekretuaren aurkako jarrera agertu zuela, non funtsezkoa ez zen jarduera oro geldiarazten baitzen. Gainera, behin hura argitaratuta, bere esku dagoen guztia egiten ari da, ahalik eta enpresa gutxien izan daitezen ixten dituztenak. Helburu horren barruan sartzen dira Chivite presidenteak astelehen honetan Madrili bere jarduerari eutsi ziezaioketen enpresak erabakitzeko orduan malgutasuna eskatuz egindako adierazpenak edo Manu Ayerdi Ekonomia lehendakariordeak bere garaian Volkswgenen jarduera geldiarazi izana deitoratu zuen adierazpenak.

 

Era berean, salagarria da Administrazioaren jokabidea; izan ere, funtsezkotzat jotzen diren jarduerei buruzko Errege Dekretua argitaratu ondoren, enpresa batzuek uko egin zioten beren jarduera uzteari, eta Lan Ikuskaritzan salatu zuten, funtsezkoak ez zirela uste zutelako, baina eginkizunen utzikeria erabatekoa izan da, eta langile askori nahasmendua eragin die.

 

Osasunbideko Departamentutik Nafarroako herritarrei helarazten zaie konfinamendua ezinbestekoa dela. Herrizaingo Sailak isuna jarri die arrazoi justifikaturik gabe kalean dauden pertsonei. Aldiz, Gobernu horrek berak bere apustua argitaratzen du, industriak normaltasunez lan egin dezan, enpresetako jarduera mugatzen duen edozein neurriren aurrean desadostasuna agertuz.

 

Egoera horren aurrean, ELAk honako hau adierazi nahi du:

  • Interpretazio-ohar batek ezin du ordeztu lege-dekretu batek zehaztutakoa.

  • ELAtik, Nafarroako industriarekin eta enpleguarekin dugun konpromisoa azpimarratu nahi dugu berriro. Gure ustez, enpresa batzuek, ekoizpen-prozesuaren berezko ezaugarriak direla-eta, akordioak behar dituzte langileen ordezkariekin, gutxieneko jarduera-maila bat nola manten dezaketen zehazteko, betiere osasuna lehenetsiz. Ulertzen dugu, halaber, pandemia ahalik eta denbora laburrenean desagerrarazteak etorkizunean aurre egingo diogun egoera ekonomiko zailari aurre egiten lagunduko digula.

  • Egungo egoera dramatikoari bizkarra emanez ezinbestekoak ez diren sektoreetan jarduera normalizatua mantentzen saiatzen direnen aurka egingo dugu.

  • Nafarroako Gobernuaren eta CENen jarrera salatzen dugu. Covid-19 sintomak izan dituzten industriako langile askok ez dute infekzioa baieztatzeko probarik egin, arrisku-kolektiboetako kide ez direlako. Sintomak ez sufritzeak edo arinki jasateak ez du saihesten gertukoentzat kutsadura-foku izatea.

  • Gaur egun, 130 pertsona baino gehiago hil dira Nafarroan. Konfinamendua eta pertsonen arteko harremanak ahal den neurrian deuseztatzea pandemia gelditzeko modurik eraginkorrena dela frogatu da. Nafarroako Gobernuak eta patronalak, ordea, milaka langilek beren lanpostuetara joateko apustua egin dute. Jarrera horrek arriskuan jartzen ditu langileak, haien familiak eta gizartea oro har.