M17 GREBA OROKORRA

M17aren ondoren ez dugu atzera egingo, 1.500 euroko LGS: Ez dugu etsiko hemen erabaki arte

2026/06/03
M17aren ondoren ez dugu atzera egingo, 1.500 euroko LGS: Ez dugu etsiko hemen erabaki arte
Martxoaren 17an eguerdiko sei manifestazioetan 125.000 lagun baino gehiago atera ziren kalera, eta dozenaka milaka arratseko 85 deialdietan. Grebaren arrakastak eta mobilizazio jendetsuek erakusten dute euskal gizarteak ez duela amorerik emango 1.500 euroen aldarrikapenari dagokionez. “Gaur atzo baino indartsuago gara, eta ez dugu etsiko helburua lortu arte”, hau da, LGS hemen erabaki arte.

M17ko Greba orokorra euskal langileriaren indar erakustaldi bat izan zen. Duela urtebete luze ekin zitzaion gure herriko errealitateari egokitutako gutxieneko soldataren aldeko dinamikari, hiru arrazoirengatik:

 1) Estatuko LGS ez da nahikoa elikagaien, argindarraren eta etxebizitzaren prezioak ordaintzeko.

 2) Gutxieneko soldata handituz gero soldata-arrakala matxista eta arrazista borrokatzen da.

 3) Behingoz aski dela esan behar dugu egoera ikusirik: soldaten gainbehera, industriako lanpostuen suntsipena eta etekinen markak hausten ari den patronala.

Bertoko gutxieneko soldata beharrezko neurria dugu, bidezkoa eta bideragarria. patronalak eta gobernuek sindikatuon aldarria gutxietxi egin zuten eta elkar hartu zuten urratzen hasitako bi bideak ixteko: negoziazio kolektiboa eta bide politikoa. Alabaina, M17ari esker bide biak ostera ere ireki dira.

Grebaren bidez euskal jendarteak irmo eutsi dio bertoko LGSaren aldarriari, eta ELAk ondo daki gauza bat: "Gaur atzo baino indartsuago gaude; alderdiak eta patronalak horretaz konturatu dira. Ez dugu etsiko helburua lortu arte".  

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baita alderdi politikoek ere, legedian aldaketak bultza behar dituzte aipatutako bi administrazioek estatukoa baino LGS handiagoa arautzeko eskuduntza izan dezaten. Hego Euskal Herriko erakundeek langile klasearen lan- eta bizi-baldintzen inguruan erabakitzeko ahalmena zabaldu behar da. Nafarroako Parlamentuak atzera bota zuen proposamena (hiru botoko aldeaz: PSNk, Izquierda-Ezkerrak eta PP-Voxek kontra egin zuten), baina sindikatuek eremu guztietan eutsiko diote ekinbideari. Epe laburrean Espainiako Kongresuan egungo gobernua sostengatu zuten hainbat alderdik lege-proposamen bat aurkeztuko dutela aurreikusten da. 

Bestalde, Confebask eta CEN patronalek ezin dute ezikusiarena egin: legez negoziatu beharra daukate; kasu honetan lan mundurako 1.500 euroko LGS bat. Kontu honek eurei ere eragiten die, nahiz eta muzin egiten saiatu. 

Greba Orokorroaren arrakasta neurtzeko erreparatu behar zaio iritsi den aktibazio sindikal eta sozialari: 1.700 langile-batzorderen babesa; ehundaka batzar lantokietan; 136 greba-batzorde herri eta auzoetan; 125.000tik gora lagun eguerdiko sei manifestazioetan eta dozenaka milaka arratseko 85 deialdietan. Goizean goizetik industrian jarraipen handia izan zuen grebak, eta gero hezkuntzak, zerbitzu publikoek eta beste sektore batzuek ere harekin bat egin zuten. 

Gainera, nabarmendu beharra dago deialdiaren eragin mediatiko, sozial eta politikoa. Martxoaren 17a ez zen egun normala izan. Euskal langileriaren ahotsa lan-zentroetan eta kalean entzunarazi zen. Bertoko gutxieneko soldata eta oro har aberastasunaren banaketa eztabaida politiko eta sozialaren ardatz bilakatu da.  

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak greba orokorraren balorazio positiboa egin zuen; nabarmendu zuenez, hemen erabakitako gutxieneko soldataren aldarrikapena ez da soilik ekonomikoa: badu ere kutsu politiko nabarmena. “Mobilizazioaren lorpen nagusietako bat izan da eskari hau eztabaida publikoaren ardatz bihurtzea eta alderdi politikoen zein patronalaren gaineko presioa areagotzea”.

Hain zuzen, Lakuntzak Confebaski aurpegiratu dio oraingoz ez duela aurpegia eman, eta jarrera hori justifika ezina dela deritzo. Gainera, ELAren buruak gogoratu du neurri horrek sektorerik zaurgarrienen baldintzak hobetzeaz gain soldaten igoera orokorra ekarriko lukeela.

 Bestalde, Lakuntzak gogoratu du Madrilen oraindik ere bide instituzionala irekita dagoela. Dioen legez, Langileen Estatutuko 27. artikulua aldatu behar da EAEn eta Nafarroan gutxieneko soldata erabaki ahal dadin.

 Filmerik onenetan gertatu ohi denez, hau ez da bukatu: bada zer ikusia. Egon adi jarraipenari...

GREBA, POLITIZATZEKO AUKERA

ELArentzat erronka da greba tresna politizatzaile eta produkzioa geldiarazteko ariketa izatea. Hori esanik, Euskal Herrian Europako beste edozein lurraldetan baino gehiago gelditzen da produkzioa. Martxoaren 17an Iparraldeko ELAko militanteak Hegoaldera etorri ziren eguna bizitzera, ahozabalik zeuden ikusten zutenarekin. Lurraldeetan eta sektoreen arabera egoera ez da berdina (langileon indar-harremana ere ez), eta egungo greba eredurekin ez dago konformatzerik, baina egindakoa bereziki baloratu behar da.

Eraldaketa sozialak, edo greba moduko tresna mobilizatzaileak, ez dira argazki finkoak, eraiki eta deseraiki egiten dira, horregatik prozesuan irakurri beharra dago. Azken greba orokorrekin alderatuta inflexio puntu bat ezarri dugu. Greba honetan (gutxieneko soldata hobetzeaz gain) gure buruari erronka bat jarri diogu, grebaren jarraipena hobetzea eta, bereziki kolektiboki erabakitzen diren esparruak handitzea (azken urteetan murrizte prozesuan zeudenak). Asanblada bidez eta kolektiboki bozkatuta greba egitea erabaki duten lantokiak bikoiztu egin ditugu 2020ko greba orokorrarekin konparatuta, eta bozketa egin den ia lantoki guztietan langileek grebaren aldeko erabakia hartu dute. Ez da nahikoa, baina