Aparteko ordainsaria bueltatzeko modua egin dezala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari ELAk
Atzo Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren agindua garatzen duen Instrukzioa onartu zuen, honen bitartez 2012an lapurtutako azken aukera askeko eguna bueltatu diete bere langileei.
Gobernu honek oraindik ez du inolako erabakirik hartu aparteko ordainsariari edo antzinatasunaren araberako jaiegun osagarriei buruz. Eskubide hauek kendu zituztenean Estatuko legedia erabili zuten aitzakia moduan, jadanik eskubide horiek bueltatu ditzaketen arren, ez dute inolako presarik langileei bueltatzeko.
Eusko Jaurlaritzak eskubide hauek bueltatzeko moduari buruzko bilerarik ere ez du antolatu sindikatuokin, Instrukzio hau inposatu du eta beste gai guztiak beste momentu baterako utzi ditu.
Eusko Jaurlaritzako langileei soldata jaitsi diete, lanorduak handitu dituzte, gaixotzeko eskubidea mugatu dute, milaka lanpostu suntsitu dituzte eta beste hainbat lan-eskubide murriztu dituzte. Langile hauek, gutxienik, erabakiak azkar hartzea eta fede oneko negoziaketa bat eman dadila merezi dute.
Horregatik, ELAk Mahai Orokorreko bilera berehala deitu dadila eskatzen du, Eusko Jaurlaritzak aparteko ordainsaria bueltatzeko modua eta lan-egutegiaren moldaketa negoziatu ditzan. Era berean, aldebakarrez kendutako beste lan-eskubide guztiak itzuli ditzala exijitzen diogu.