ELAk salatu du langileak xantaiatzeko Volkwagenen, UGTren eta CCOOen aliantza, Gobernua konplizea izanik
Nafarroako Lan Arloko Epaitegiak eta Lan Ikuskaritzak egiaztatu dute Volkswagenen (VW) aldi baterako langileen kontratazioa eta helburu eta errendimendu ordainsarien ordainketa iruzurrezkoak eta diskriminatzaileak direla. ELAren salaketaren ondoren, Lan Ikuskaritzak iruzurrean egindako 146 aldi baterako kontratu atzeman zituen, eta enpresari 93 kontratu mugagabe egitera behartu dio. Bestalde, ELAk jarritako demandaren ondorioz —LABek eta CGTk bat egin zuten— Lan Arloko Epaitegiak ebatzi du ordainsari aldakorren ordainketak baja medikoan dauden pertsonak diskriminatzen dituela. Bereziki salagarria izan zen UGT eta CCOOren jarrera epaiketan. Izan ere, “demanda bertan behera uzteko” eskatu zioten epaileari, enpresaren alegazioei atxikiz. UGT eta CCOOren jarrera are deigarriagoa da kontuan hartzen bada Seat Martorell lantegian ordainsari hori presentismoarekin lotzearen aurka irmoki agertu direla, “tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza hausten duelako”.
Horren aurrean, “VW Navarrak, UGTk eta CCOOk langileak xantaiatu eta mehatxatzea erabaki dute, egoeraren erantzule gisa ELA, LAB eta CGT seinalatuz”. Hala salatu dute prentsaurrekoan Imanol Pascualek (Nafarroako koordinatzailea), Unai Martínezek (Industria eta Eraikuntza Federazioko Idazkari Nagusia) eta Igor Peñalverrek (ELA-VW). Egia da erantzule bakarrak —eta, besteak beste, errelebo-kontraturako sarbidea arriskuan jarri dutenak— enpresa bera, UGT eta CCOO izan direla, zuzendaritzaren interesei soilik erantzuten dien kontratazio-sistema ilegal bat adosteagatik (irabaziak maximizatzea prekaritate handiagoaren truke, bake sindikala lortuz) eta bi sindikatu horien interesei (hainbeste onura ematen dien kontratazio-politika betikotzea bilatzen dutelako).
163 milioi euroko irabaziak
Pascualek Nafarroako Gobernuaren isiltasuna eta jardun eza ere salatu ditu: “VWri legea betetzera behartu behar dio, kostu horiek langileei leporatu gabe, mehatxurik eta kaleratzerik gabe. Are gehiago kontuan hartzen bada VW Navarrak 163,1 milioi euroko irabaziak izan dituela (2023 eta 2024)”. Horrez gain, 2017tik hona, VWk 6,6 milioi euro publiko baino gehiago jaso ditu gazteen kontratazioa sustatzeko, beste hainbat laguntzaz gain.
ELAko zerbitzu juridikoek lortutako ebazpenak kolpe gogorra dira VWek, UGTek eta CCOOek osatzen duten sarearentzat. Haien kontratazio politikak sindikatu jakin batzuetako afiliazioa saritzen du, sindikatu horiek enpresari bake soziala eta bere planteamenduekiko menpekotasun osoa bermatzearen truke. Horregatik guztiagatik, ELAk ezinbestekotzat jotzen du enpresa abusuei muga jarriko dieten sindikatuen presentzia.