Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Legeak baimentzen dizkion plazak baino askoz gutxiago egonkortuko ditu

2022/05/27
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Legeak baimentzen dizkion plazak baino askoz gutxiago egonkortuko ditu
Nafarroako Gobernuak ez du inolako borondaterik Hezkuntzan egonkortu beharreko plazak negoziatzeko; izan ere, ostiral batean aurkeztu ditu plazak, eta datorren asteazkenerako onartuta eta argitaratuta egon behar dute. Behin-behinekotasuna % 54 denean 766 plaza bakarrik egonkortuko ditu.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuei buruzko informazio zehatza aurkeztu die gaur Mahai Sektorialeko sindikatuei. Egonkortu beharreko plazen banakapena eta plaza horiek eskaintzeko erabilitako irizpideak aurkeztu ditu.

Informazio hau beranduegi dator. Ekainaren 1erako plazek onartuta eta argitaratuta egon behar dute, negoziatu ondoren. Ez dago tarterik datuak aztertu eta kontrastatzeko. Departamentuak sindikatuekin benetako negoziazioa saihesteko epeak agortu ditu, eta plazak ostiral batean aurkeztu ditu, datorren asteazkenerako onartuta eta argitaratuta egon behar dutenean.

Gainera, plazak eskaintzeko erabili dituen irizpideak oso murriztaileak dira, eta horrek eragin du egonkortze-prozesuei ez ateratzea 20/21 Legearen baldintzak betetzen dituzten plaza asko. Hau da, Hezkuntza Departamentuak Legeak baimentzen dizkion plazak baino askoz gutxiago egonkortuko ditu.

ELAk berriro deitoratu du Departamentuak 766 irakasle bakarrik egonkortu nahi izatea; izan ere, Kontuen Ganberaren azken txostenaren arabera, Hezkuntzako aldi baterako langileak % 54 dira, eta ikasturte osoko irakasleentzat 4.300 lanpostu huts inguru eskaintzen dira. Datuek erakusten dute Nafarroako Gobernuak ABLE handiena izaten jarraitzearen alde egiten duela, eta aldi baterako enplegua sistematikoki, gehiegikeriaz eta iruzurrez erabiltzen jarraitzearen alde, egiturazko lanpostuak betetzeko.

ELAk Hezkuntza Departamentuari eskatu dio 20/21 Legeak ahalbidetzen dituen aukera guztiak aprobetxatzeko, irizpide murriztaile propioak saihestuz, ahalik eta irakasle gehien finkatzeko eta, horrela, behin-behinekotasuna nabarmen murrizteko, horrek dakarren prekaritatearekin amaituz.