Azken urteotako ildoari jarraikiz, lan-eskubideetan murrizketa gehiago proposatu ditu Sidenorrek
ERTEa (Lan Erregulazio Txostena) negoziatzeko lehen bilera izan zen atzo, eta ELArensusmoa bete-betean gauzatu zen; izan ere, negoziazio-prozesuaren helburu nagusia lan-baldintzak okertzea da, ERTE bat negoziatzeaz gain. Enpresaren eskari nagusiak hauexek:
- Bi urteko ERTE bat eskatzea, %50eko batez besteko aplikazioarekin.
- Baja pizgarridunak proposatu dituzte.
- Erretiro partzialeko akordiorik ez aplikatzea.
- Erretiro aurreratuak sustatzea Azkoitian, Legutianon eta Legazpin.
- Egutegi-aldaketak mugarik gabe, bakarrik 4 eguneko aurre-abisuarekin.
- Nahitaezko prestakuntza, lanalditik kanpo.
- Oporren akordioa aldatzea. Hilabete aurretik aldatzeko aukera.
- Mugikortasun geografikoa eta funtzionala.
- Absentismoaren aurkako neurriak.
- 80 orduko prestasuna.
- Errelebo-kontratuaren akordioa ez-betetzeko aukera aipatu da.
Berriro, eta Sidenorren azken urteotako lan-politikaren ildotik jarraikiz, lan-eskubideetan murrizketa eta galera gehiago proposatu dizkigute. ELAren iritziz enpresak esandako esparruan negoziatzea onartzen badugu, atzeraka eramango gaituzten akordioak izenpetuko ditugu berriz ere. ERTEa negoziatzeko prozedurak ez luke inolaz utzi beharko hitzarmen kolektiboak aldatzen. ELAk zera utzi du argi gaur mahaian: prozesuaren xedea hitzarmen kolektiboak aldatzea baldin bada, prozesua gutxienez irregularra da juridikoki, eta beraz salatzeko modukoa.
ELAren ustetan adostu diren azken hitzarmenetan enpresaren lan-egoera okertu da nabarmen. Gainera, bide horretatik aurrera eginez ondoz ondoko zuzendaritzek pentsatu izan dute langileen soldatak eta eskubideak direla enpresaren benetako arazoak.
Bada garaia Sidenorko industria-lantegien etorkizunaz hitz egiteko, bada garaia hain lorrinduta dauden lan-baldintzak hobetzeko. ELAren ikuspegitik "lan-egokitzapenaren planik" onena lan-giroa hobetu, langileak begirunez tratatu, eta etorkizunari begirako bermeak ematea da.