Osakidetzako langileek itxialdiak egin dituzte hamaika ospitaletan
Euskal Autonomia Erkidegoak 1.000 milioi euro gutxiago bideratzen du osasun-gastura, ELGA/OCDEko batez bestekoa baino, sorturiko aberastasunarekiko proportzioan. Eta amildegi hori sakonduz joan da “austeritate” politikak ezarri zirenetik. Finantzaketa falta hori itogarria da Osakidetzarentzat.
Osakidetzak azken lau urteotan azken mugara eraman du gure osasun-zerbitzua, lan-baldintzak hondatuz eta enplegua suntsituz; orain dagoen gatazka are larriagoa izan liteke, ez balitz langileen ahaleginengatik eta gaixoen ulermenagatik.
Ez dago pertsonal nahikorik, oraindik lan egiteko moduan dagoen pertsonalak lan-karga jasanezinak ditu. Eta, gainera, langile saiatu horiek saritu beharrean, iraindu eta zigortu egiten dituzte, eroste-ahalmena %17 gutxituz, gaixotzeko eskubidea murriztuz, lanaldia luzatuz, zerbitzu gehiago pribatizatuz eta ordezpenak ukatuz...
Horrez gain, Osakidetzak ez du ezer negoziatu nahi, ez du batere proposamenik egiten, asteleheneko Mahai Sektorialean 60 pertsonako EPE batekin iraindu gintuzten, eta guk egindako beste eskakizunei ez zieten erantzun. Horrelako jokabidea kritikatzera ausartzen dena alarmista deitzen diote, udako abestia kantatzen duela esaten dute... hain egoera latza arindu nahian-edo; baina han lanean dabiltzanentzat, enplegua galdu dutenentzat eta zerbitzuaren kalitatearen gainbehera pairatu behar dutenentzat kontua ez da txantxetakoa.
Egindako itxialdiak etortzeko dauden mobilizazioen hasiera baino ez dira, langileek eta orokorrean gizarteak gauzatuko dituztenak. Osakidetzak egoera aldatzeko pausoak ematen ez baditu —enplegua egonkortuz, eta lanbide-garapenaren azken deialdiak berehala ordainduz—, gatazka larri batera eramango gaituzte halabeharrez. Osakidetzaren esku dago egoerari buelta ematea.