Arcelor Mittal-ek ez du apustu egin ACB-ren alde

2016/02/11
Arcelor Mittal-ek ez du apustu egin ACB-ren alde
Enpresa Batzordeak eta Arcelor Mittaleko Zuzendaritzak egindako bileran berriro nabaritu da Zuzendaritzaren aldetik ez dagoela inolako konpromisorik lantegiaren geroarekin, eta geldialdi mugagabearen alde agertu dira berriro. ELAk bere ikuspuntua berretsi du: ACBri etorkizun industriala ematea, 600 lanpostu, zuzenak eta zeharkakoak, daude jokoan, eta baita enpresa laguntzaile askoren iraupena ere.

Gaitzestekoa da, halaber, Zuzendaritzaren jarrera behin-behineko eta azpikontratatutako pertsonalarekiko.

Zuzeneko plantillan 40 behin-behineko langile daude, eta enpresak gaur jakinarazi die behin-behineko kontratuak amaitutzat joko dituela. ELAk salatzen du langile horietako asko lege-iruzurrean daudela, urte askotan ondoz ondoko kontratuak egin dizkiete-eta. Horregatik gaurko bileran pertsonal horren erregularizazioa galdatu dugu, eta pertsonal mugagabe bihurtzea eskatu. Erantzuna, ordea, erabatekoa izan da; kontratu horiek amaitutzat joko direla eta, lege-iruzurrean eginak direla uste badugu, egokitzat jotzen duguna egin dezagula.

Bestalde, atzo kontratei ukatu zitzaien bileran parte hartu ahal izatea, kontuan hartu gabe pertsonal horren etorkizuna ACBren etorkizunari lotua dela, eta langile horien lanik gabe ezinezkoa izango zela ACBren ohiko jarduera gauzatzea.

ELAk bilera bat egiteko eskatu zion Lan Sailari joan den ostiralean, azpikontratetako eta behin-behineko pertsonalaren babes gabeziaren egoeraz aztertzeko. Gaur erantzun digute esanez bilera idatziz eskatu behar dugula.

Bilera idatziz eskatzeaz gain, laster barru egingo duguna, beharrezkoa da Lan Agintaritzaren berehalako parte hartzea, ACBko pertsonalik ahulenarekin egiten diren gehiegikeriak geldiarazteko. Beharrezkoa da, era berean, herri-erakundeen %100eko inplikazioa altzairutegiaren geroarekin; ez da aski komunikabideen aurrean itxurakeriak egitea, ArcelorMittali 2016rako aurreikusita zegoen ekoizpena gauzatzeko eskatuz.