EAJk eta EH Bilduk 50 urtetik beherakoei pentsioak murrizten lagundu izana salatu du ELAk
Pentsioak erreformatzen dituen Errege Lege Dekretua onartu dute gaur Madrilen, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Bigarren indar politiko horrek ez du aldeko botorik eman bere botoa beharrezkoa ez zelako, ELAk adierazi duenez.
Sindikatuak salatu egin du indar politiko horiek erreforma gelditzeari uko egin izana. Erreforma honek, izatez, 2011ko murrizketak bere horretan mantentzen dituelako (erretiro adina 67 urtera igotzea, adibidez), eta beste urrats bat ematen duelako: 50 urte baino gutxiago dituzten pertsonen pentsioak murriztu egiten ditu.
Manipulazioa eta gezurra
EAJk eta EH Bilduk bat egin dute erreforma justifikatzeko manipulazio eta gezur kanpainarekin. Alderdi biek esan dute murrizketarik ez dakarrela erreforma honek, eta hori gezurra da, Euskal Sindikatuak azaldu duen bezala. Bereziki penagarria da EH Bildu bezalako ezkerreko alderdiek gutxieneko pentsioen hobekuntza handiaren gezurrarekin bat egin izana. Izatez, onartu berri den erreforma gaur bertan aplikatuko balitz (erreforma 2027rako onartu da), ezkontidea bere kargu ez duen 65 urteko edo gehiagoko pertsonen gutxieneko erretiroa 783 eurotik 828,5 eurora pasatuko zen. Eta beste horrenbeste gertatuko zen 65 urtetik gorako pertsonen gutxieneko alarguntza pentsioekin. Eta hori, hilean 45 euroko igoera baino ez da; pobrezia egoeran mantenduko lituzkete pentsio horien beharrean dauden pertsonak. Gainera, igoera txiki hori ez da aurten aplikatzen hasiko. Datozen lau urteotan, progresiboki egingo da igoera, urtean 10 euro gehituz pentsioari.
Gutxieneko beste pentsio mota asko daude, baina gehienak hilean 700 eta 800 euro artean geratuko dira. Horren azpitik, hala ere, geratuko da kotizazio gabeko pentsioa. Gaur egun 525 eurokoa da pentsio hori eta, adostutakoaren arabera, ez zen 510,80 eurotik gorakoa izango. Kotizaziorik gabeko pentsioaren %15eko igoera bere horretan mantentzen dela diote erreformaren aldekoek, baina esaten ez dutena da zenbatekoa zeinen urria den.
Mobilizazioak
ELA kanpainak eta mobilizazioak egiten ari da erreforma hau errefusatzeko, Galiziako CIG eta Kataluniako Intersindicalarekin koordinatuta. Galizian atzo izan zen mobilizazioa eta Katalunian gaur bertan izan da. Euskal Herriko deialdiak hurrengoak dira:
Apirilak 4, Bilbo: 10:30ean, udaletxe aurrean
Apirilak 20, Iruña: 12.00etan, udaletxe aurrean