Pradalesek ELA bota du eta CCOOri eta UGTri ordezkaritza oparitu die
Lan Harremanen Kontseilua (LHK) sindikatu eta patronalaren arteko elkarrizketa espazio gisa sortu zen. Kontseiluaren helburua zen EAEko lan harremanak arautzeko sindikatu eta patronalen artean akordioak lortzea. ELArentzat LHK Espainiako legedia gainditu eta lan harremanen euskal esparrua edukiz betetzeko aukera izan zitekeen. Kontseiluan patronalak 8 kide izendatzen ditu eta sindikatuek beste 8, horietatik 3 dagozkio ELAri bere ordezkaritzaren arabera, 2 LABi, 2 CCOOri eta 1 UGTri. ELAri egindako lapurretaren ondoren, CCOOk 4 ordezkari izango ditu, eta LABek eta UGT bina.
ELAk 2008an Lan Harremanen kontseiluko bileretan modu normalizatuan parte-hartzeari utzi zion eta erabaki hau hartu duen sindikatu bakarra da. Kontseiluko orduko presidenteak berak, Martin Auzmendik, esana zuen “Lan Harremanen Kontseiluak ez du inongo eraginkortasunik”. Kontseiluak orduan, eta ondoren ere, ez du balio izan sindikatu eta patronalen artean akordio esanguratsurik bideratzeko, bereziki patronalak uko egin diolako inongo akordiorik egiteari. Eremu horretan lortutako azken akordioa 1.999koa da, aparteko orduen erabilera mugatzeari buruzko lanbidearteko akordioa hain zuzen.
Gutxieneko soldatari buruzko eztabaidak erakutsi du patronala ez dagoela prest sindikatuekin akordioak gauzatzeko, LHK-k ez duela gizartean inongo eraginik (Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak bezala) eta soilik balio duela bertan parte hartzen duten sindikatu eta patronalei finantziazioa eskaintzeko.
Maiatzaren 27ko Euskadiko Aldizkari Ofizialean Pradales Lehendakari izendatu zutenetik lehen aldiz sinatu zuen ELA zigortzea eta EAEko sindikatu nagusiari dagozkion hiru ordezkariak CCOOen eta UGTren artean banatzea. Pradales Lehendakariak ELA zigortu du eta Torres lehendakariordeak mehatxatu, bien bitartean patronalari ez dio inongo presiorik egiten negoziazio kolektiborako beren funtzioari uko egiteagatik. ELAk instituzioei galdegiten die parte-hartze instituzionala sindikatu borrokalariak zigortzeko eta isolatzeko tresna gisa erabiltzeari utzi diezaiola eta patronalari aurre egin diezaiola lan-baldintzen prekarizazio gelditzeko.