Auzitegi Gorenaren arabera Mercedes-ek askatasun sindikalaren eskubidea urratu zuen, eta 6.000 €-ko kalte-ordaina ELAri emateko kondena berretsi
ELA Mercedes-Benzeko atal sindikala pozik agertzen gara epai hori dela-eta, ikusi ahal izan baitugu gure susmoak ondo finkaturik zeudela, eta gure enpresak azken urteotan lan-harremanak ulertu dituen modua ez dela izan oso demokratikoa eta gardena. Enpresaren beraren eta sindikatu sinatzaileen borondatez ELA diskriminaturik dago gaur egun ere, eta enpresaren eskutik doazen sindikatuek onurak jasotzen dituzte, bai maila sindikalean, bai pertsonalean. Hori gauza ezaguna da bertan lan egiten dugun askorentzat.
ELAren asmoa da Mercedesko lan-harremanak hori bezalako enpresa handi baten mailan egotea. Horregatik gure itxaropena da gero eta hurbilago dauden hauteskundeetan plantillak aurre egitea enpresaren jokabide horri, eta ondorioz lan-harreman demokratikoagoen alde gauden antolakundeok sendoago ateratzea.