ELAk larritzat jotzen ditu Ikasle Abertzaleak eginiko salaketak

2014/04/15
Gertaeren atzean LOMCEren aurkako erantzuna mugatzeko ahalegin egon daitekeela uste du eta elkartze-askatasuna edota protesta egiteko oinarrizko eskubideak bermatu daitezela eskatzen du.

ELA kezkaturik dago gaur Ikasle Abertzaleak erakundeko militanteek egin duten salaketarekin. ELAren ustez premiazkoa da bere lana modu publikoan egiten ari diren pertsonen aurka miaketa eta jazarpen salaketak modu sakonean ikertu eta argitu behar dira, besteak beste, Ikasle Abertzaleak erakundearen ordezkarien lan sozial eta politikoa bermatu ahal izateko.

Azpimarratzekoa da salaketa hauek martxoaren 27an ikasleek buruturiko greba arrakastatsuaren ondoren datozela eta, beraz, atzean LOMCEren aurkako erantzun soziala legitimoaren antolakuntza mugatu edo kriminalizatzeko ahalegina ezkuta daitekeela.

ELAren ustez, “Herritarren segurtasunerako” lege aurreproiektua bezalako egitasmoen argitan, agerikoa da espainiar estatuaren interesa erantzun sozialaren alde lan egiten duten erakunde eta mugimenduei bere zilegitasuna kentzeko.

ELAk, beste behin, hezkuntza sistema propio baten alde eta LOMCEren aurka beste eragileekin batera, Ikasle Abertzaleak tartean, burutzen ari den lana berresten du eta bai langile, bai hezkuntza komunitatea, baita jendarte osoari ere bide honetan egin beharreko lanari are eta sendoago heltzeko deia luzatzen die.