Ez gara bizi Arkadia zoriontsuan: desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira

2015/09/25
ELAren esanetan atzo Urkullu Lehendakariak Legebiltzarrean aditzera eman nahi zuen argazkia datu errealek gezurtatu egiten dute: langabezia eta gizarte-babesik eza, lan prekarioa eta soldaten jaitsiera, kontratu miserableak eta desberdintasunen areagotzea.

ELA ez dator bat Urkullu Lehendakariak egin duen diskurtsoaren abiapuntuarekin: berak ezartzen dituen doikuntza politikak onak dira eta ez omen dute alternatibarik. Eusko Jaurlaritzak “kontsolidazio fiskaleko politikekiko eta defizitaren kontrol diziplinatuarekiko” konpromisoa adierazi du, PPk Europar Batzordearekin adostu zuen Memorandumean jasotako egonkortasun printzipioak gauzatzeko. Jaurlaritzak aditzera eman nahi duen argazkia datu errealek gezurtatu egiten dute: langabezia eta gizarte-babesik eza, lan prekarioa eta soldaten jaitsiera, kontratu miserableak eta desberdintasunen areagotzea. Arazo hauek, propaganda alde batera utzita, ez dira Jaurlaritzaren benetako kezka.

Lakuak doikuntza politikak aplikatzen jarraitu nahi du:

1.- 2016ko aurrekontuetan ere lehenetsiko da zorraren ordaina eta gastu-mugari buruz Rajoyrekin itxitako akordioa (datorren urterako, defizita gehienez %0,3koa izango da). Gainera, egungo zerga-politika bidegabea mantenduta, baztertu egiten da Europarekiko presio fiskal txikiagoa gainditzea. Aldi berean, jakitera eman dute 2015erako diru-bilketari buruzko aurreikuspenak ez direla betetzen ari. Deigarria da agintariek lasai asko iragartzen dutela murrizketa gehiago egin beharra. Arbuiatzekoa da Jaurlaritzaren jarrera: ontzat ematen du murrizketei eustea beste biderik ez dagoela, eta baztertu egiten du bizi dugun egoera sozial larria hobetzeko politika ekonomikoa aldatzeko edozein aukera. Aitzitik, ezkutatu egiten du politika horrek desberdintasuna areagotzen duela, eta behin eta berriz dio hazkunde ekonomikoak onbideratuko duela egoera. Hau, ordea, faltsua da: hazkundea bere horretan utzita, gizarte-politiken aldeko esku-hartze publiko azkarrik gabe, desberdintasun gero eta handiagoarekin batera dator.

2.- Nabarmendu beharrekoa da Jaurlaritzak gutxietsi egiten duela langile publikoen negoziazio kolektiborako eskubidea. Ez du negoziatzen, inposizioak eta murrizketak ezartzen ditu; batzutan, Estatuko oinarrizko legeak aplikatuaz, ados dagoelako, eta, besteetan, oinarrizko araurik ezean, besterik gabe negoziatzeko borondaterik ez duelako.

3.- Ez da egia enplegua Jaurlaritzaren lehentasuna denik, eta are gutxiago bere kalitatea. Gobernua zuzeneko zein zeharkako enplegua bere administrazioan bertan murrizten ari da, eta Sozietate Publikoetan lanpostuak suntsitzeko irizpideak ematen ditu (adibidez, EITBn), baita administrazioarentzat lan egiten duten azpikontratetan ere. Enpleguaren kalitateari dagokionez, salatzekoa da Jaurlaritzak arlo publikoan lanaldi partzialeko kontratuak lehenesten dituela eta programak egiten dituela arlo pribatuan kontratu prekarioak diruz laguntzeko. Halaber, ELAk gogoratu nahi du azpikontraten esparruan miseria laborala hedatzeko erabakia hartu duela. Gobernu honek soldatak jaisteko asmoa duela agerian utzi du, ez baitu onartu nahi Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den Herritar Legegintza Ekimena (HLE), ELAk aurkeztu eta 110.000 sinadurak babestua; HLE honen helburua da eremu azpikontratatuetan lan-baldintza duinak bermatzea.

4.- Estatus berriaren inguruan, berriz, Lehendakariak berriro plazaratu duen proposamenak Estatuari ematen dio edozein aurrerapausori betoa ezartzeko ahalmena. Arazoa ez datza erabiltzen diren hitzetan, baizik egiaztatzean Estatuak ez duela borondaterik, eta hau behin betikoa dela. Autogobernua krisian dagoela ere ez da aipatzen, eta Estatuan esparru guztietan bizi den inboluzio aroaz ez da taxuzko ezer esaten; “autogobernuaren aurrerabidea” lortzeko balioa aitortzen zaio transbertsalitateari, hots, azken Estatutu Politikoaren saioa porrotera eman zuen bideari.