Sozietateen gaineko Zergarekin aurten 2007an baino ia 1.100 milioi gutxiago bilduko dira

2016/12/19
Sozietateen gaineko Zergarekin aurten 2007an baino ia 1.100 milioi gutxiago bilduko dira
ELAk adierazi du gaur goizean EAJ eta PSEren arteko Gobernu Ituna azken urteotan aplikatu diren politika neoliberalen jarraipena dela. Ez da onargarria alde batera uztea fiskalitateari buruzko diagnostikoa. Aski da aipatzea Sozietateen gaineko Zergarekin zer gertatzen den: aurten 1.100 milioi euro ere ez da bilduko, hau da, 2007an baino ia 1.000 milioi gutxiago (orduan 2.037 milioi euro bildu zen EAEn).

EAJ eta PSE alderdiek Eusko Jaurlaritza osatzeko sinatu zuten Itunaren balorazioa egin du ELAk gaur goizean Donostian. Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusia eta Mikel Noval arlo sozialeko arduraduna izan dira bertan. ELAren esanetan Itunak ez dauka "mamirik eta zehaztasunik", eta "azken urteotan aplikatu izan diren politika neoliberalen jarraipena da" . Era honetan, zerga-erreforma soziala baztertu eta Rajoyk ezartzen duen defizit publikoa ontzat ematen duela gaineratu dute.

Bestalde, Itunak ez du enplegua sortzeko erabakirik jasotzen. ELAren iritziz, deigarria da Itunean "prekarietate" hitza behin ere ez agertzea; izan ere, gobernuaren lehentasuna aurrekontu doikuntza eta enpresen interesak dira. "Hitz bitan esanda, babesa ematen die enpresarioei, beren asmoa etekinak hobetzeko prekarietatea eta lan malgutasuna hedatzea delarik".

ELAk salatu du Itunak proposatzen duen elkarrizketa soziala hutsala dela. Eusko Jaurlaritzak mamirik gabeko mahaiak sortuko ditu, eta hauek finantziazio publikoz olioztatuko dira, uztailaren 22an Jaurlaritzak, patronalak, CCOOk eta UGTk sinatu zuten akordioaren baitan.

Azkenik, aplikatzen diren politikak errotik aldatzeko mobilizazio soziala bultzatzearen alde agertu da ELA. Bere aburuz, beharrezkoa da eztabaida politiko eta soziala ezkerreko indarrek lehentasuna ematea eskubide sozial, laboral eta ekologikoei. Agerian geratu behar du gutxiengo baten mesedetan biztanleriaren pobretze orokorra eragiten ari diren politikek badutela benetako alternatiba, baita zinezko oposizioa ere.

Irakurri txostena