SEKTORE PUBLIKOA

ELAk 4 orduko lanuztea deitu du maiatzaren 28rako Nafarroan

2026/05/13
ELAk 4 orduko lanuztea deitu du maiatzaren 28rako Nafarroan
Langile publikoen benetako eskaerak jasoko dituen Estatutua lortzea da helburua. Zentzu horretan, langile publikoei eskatu die lanuztea egin dezatela testuaren aurka agertzeko eta izapide parlamentarioan aldaketan exijitzeko.

ELAk langile publikoei dei egin die datorren maiatzaren 28an lanuztea egin dezaten,  Gobernuak gutxiengo sindikalarekin onartutako testua arbuiatzeko eta Parlamentuari Nafarroako zerbitzu publikoak hobetzea ekarriko duten benetako neurriak eskatzeko.

ELAk dio, hobekuntza hori gerta dadin, beharrezkoa dela Funtzio Publikoaren Estatutu berria hemengo baldintzak arautzeko gai izatea, autogobernua erabiliz eta Estatuari men egin gabe. Testuak eduki hau izan beharko luke:

  • Formula zehatz bat, langileek izan duten eros-ahalmenaren galera berreskuratzeko eta KPIren araberako soldata-igoerak aurreikusteko. 

  • Asteko 32 orduko lanaldia ezartzea.

  • Administrazioak behin-behinekotasuna %8ra jaistera behartzen dituen testu bat, behin-behinekotasunaren abusua jasaten duten langileak kontsolidatuz.

  • Zerbitzu publiko gehiago pribatizatzea eragozten duten artikuluak eta pribatizatutakoa publifikatzeko formulak sartzea, langileen subrogazioa bermatuz.

  • Langileen osasuna bermatzeko neurriak

  • Administrazioan euskara normalizatzeko neurri zehatzak.

  • Telelana baimendu eta arautu.

Estatutu berrian aurreikusitako neurri berritzaile bakarra karrera profesionala ezartzea da. Hala ere, 2032ra arte ez da zenbateko osoa ordainduko. Gainera, karreraren progresioa balorazio-irizpide subjetiboen mende dago, hala nola "jardunaren ebaluazioaren emaitza", eta gaur egun ebaluazio hori ezd akigu zein parametroren arabera egingo den. 

Hori dela eta, ELAk langile publikoei eskatu die maiatzaren 28ko 11:00etatik 15:00etara lanuztea egiteko eta 12:00etan Nafarroako Gobernuaren aurrean kontzentratzeko, Parlamentuak bide eman diezaion goian adierazitako gaiak barne hartzen dituen testu bati. Bestela, onartzen den testua CCOO, Afapna, UGT eta Nafarroako Gobernuak sinatutako akordioa bada, aukera berri bat galduko da.

LABek uko egin dio egun horretako mobilizazioa elkarrekin lantzeari, baina ELAk indarrak biltzeko eta bloke bakarra egiteko borondateari eusten dio, langile publikoen eskaera historikoei erantzungo dien Estatutuaren alde.