ELAk beste gatazka kolektibo bat aurkeztu du irakasle ez diren langileen homologazioa defendatzeko

2011/09/08
Gizarte Ekimeneko patronalek ez dute bete eta ez dute betetzeko asmorik irakasle ez diren langileak irakaskuntza publikoko langileekin %95ean parekatzeko konpromisoa

Ikastetxeetako irakasleei egindako deskontuak zirela-eta ELAk aurkezturiko gatazka kolektiboaz gain, orain beste bat aurkeztu du, irakasle ez diren langileekin harturiko konpromisoa —indarrean dagoen hitzarmenean jasotakoa— betearazteko.

2008-2009 Hitzarmena sinatzerakoan patronalek konpromiso bat hartu zuten ikastetxeetako ez-irakasleekin. Horren arabera, hiru urteko gehienezko epean horrelako langileak irakaskuntza publikoko langileekin parekatuko ziren %95ean.

Hitzarmenaren Interpretazio Batzordearen aurreko bileran patronalek erantzun zuten esanez konpromiso hori hurrengo hitzarmenetan jasoko zela.

ELAren ustez, oraingo egoerak ez du zerikusirik, ezta hurrengo hitzarmenek ere, aurreko akordioak bete gabe uztearekin. Izan ere, ezin da baldintzatu konpromiso baten betebeharra hurrengo hitzarmenak sinatzearekin, ez baitago jakiterik sinatuko diren edo ez.

EAEko itunpeko ikastetxeetako pertsonal ez-irakaslea izan da urtetan hitzarmenaren puntu ahula. ELAk lorpen garrantzitsutzat jo zuen patronalen konpromisoa, pertsonal ez-irakaslearen soldata duintasun-mailara igotzekoa; baina orain ezin dugu onartu patronalek atzera egitea, eta betebeharrak saihestu nahi izatea. Hori dela-eta, gatazka kolektiboaren prozesua abiarazi dugu, PRECOren aurrean 2008-2009 Hitzarmenaren 62 artikuluaren betetze eza salatuz.

Lan-karga handitu, eginkizunak eta ardurak ugaldu... baina, kontra partean, horren islarik ez da ikusten pertsonal ez-irakaslearen soldatetan. Nahikoa da gu beti gutxitzat hartzen. Ez dugu ezer berririk eskatzen, sinaturikoa betetzea besterik ez.

Informatzena irakurtzeko egin klik hemen