ELAk dei egiten die CEN patronalari eta gainerako sindikatuei akordio bat iristera Nafarroako lan-hitzarmenei lehentasuna emateko
ELAk azken garaitan salatu izan duenez, negoziazio kolektiboaren estatalizazioak eragin kaltegarriak ditu, okertu egiten baititu milaka langile nafarren baldintzak.
Zapateroren gobernuak 2011n bultzatu zuen lan-erreformaren ondorioz estatu mailako lan-hitzarmenek eremu hartarako, eta soilik harako, gordetzen dituzte negoziatzeko gai jakin batzuk; horrenbestez, indargabetu egiten dituzte sektoreko hitzarmen probintzialak, osorik edo zatiren batean. Esaterako, UGT eta CCOO Madrildik inposatzen ari diren hitzarmen estatalekin (eraikuntza, ostalaritza, metalgintza, sukaldaritza kolektiboa...) zenbait kasutan soldatak erdira ere jaitsiarazten ari dira.
Beraz, agerikoa da Nafarroan ezinbestekoa dela akordio bat lortzea lehentasuna emateko bertoko hitzarmenei, eta ez Madrildik inposatzen direnei. Negoziazio horri ekiteko ELAk dei egiten die beste sindikatuei eta CEN patronalari; emaitza EAEn lortu den bezain akordio plurala izan daiteke. Izan ere, esaten dugun bezala, Nafarroan ez baita autogobernurik hemen negoziazio kolektiborik ez badago.