NAZIOARTEA

ELAk irmoki gaitzesten ditu AEBek Venezuelako herriaren aurka egindako erasoak

2026/01/03
ELAk irmoki gaitzesten ditu AEBek Venezuelako herriaren aurka egindako erasoak
Trumpen Gobernuak Miranda, Aragua, La Guaira eta Caracas estatuetako gune zibil eta militarrei  eraso egin die eta Nicolas Maduro presidentea eta bere emaztea harrapatu ditu. ELA sindikatuak bere gaitzespenik irmoena adierazi nahi du AEBek Venezuelako herri subiranoaren aurka  egindako eraso militarren aurrean.  Trump administrazioak Karibe itsasoan hainbat hilabetez jatorri venezuelarra duten txalupen aurkako erasoen  eta dozenaka heriotzen ondoren, egindako mehatxuen ondoren, AEBek beste pauso bat ematea erabaki dute eta militarki esku hartzea erabaki du.

Herrialde subirano baten aurkako eraso honekin, AEBak nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen Gutuneko printzipioak urratzen ari dira. Beste behin ere, AEBek indarra erabiltzen dute herrialde baten subiranotasunaren aurka, kasu honetan Venezuelarena, petrolioa bezalako baliabide ekonomiko eta naturalak beren esku utziko dituzten gobernuak sustatzen saiatzeko.
Gainera, eraso hau Venezuelako Gobernuak bakerako eta elkarrizketarako deia egin duen koiuntura batean ematen da, AEBen aldetik edozein motatako erasoak saihesteko helburuarekin.
Venezuelaren aurkako eraso militarrak mehatxu larria dira bakearentzat eta eskualdeko zein munduko egonkortasunarentzat. Baina beste behin AEBetako gobernuak bere interes ekonomikoak lehenesten ditu, eta Trump administrazioaren erasoa ez da ulertzen AEBak garatzen ari diren mundu mailako hegemoniaren borrokatik at, Txinak Latinoamerikan gero eta eragin handiagoa duela ikusita.
Egoera larri honen aurrean, ELAk Estatu Batuetako gobernuari exijitzen dio Venezuelan ematen ari den eskalada militarra buka dezala, eta nazioarteko komunitateari eta maila instituzional guztiei (Europakoari, Espainiako Estatuko Gobernuari eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernuari) exijitzen die eraso hauen aurka ager daitezela eta presioa egin dezatela behin betiko geldiarazteko. Bestetik, AEBek Nicolas Maduro eta bere emaztea askatu behar dituzte, ahalik eta lasterren.
Era berean, ELAk bere elkartasuna adierazi nahi die Venezuelako herriari eta herrialdeko mugimendu sindikal eta sozialei. Horrez gain, Venezuelako herriari eta haren subiranotasunari elkartasuna adierazteko mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du ELAk.