LEParen aurka egin du ELAk, euskara ez baloratzeagatik eta proba fisiko diskriminatzaileak ezartzeagatik
Zigor Betearazpeneko Laguntzaile izateko hautaketa-prozesuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eta Enplegu Publikoak are gehiago egonkortu dute Estatuko espetxe-eredua, egiturazko gabeziaz josita dagoena eta euskal gizartearen egungo beharretatik urrun dagoena.
Ildo horretan, deialdiak oso balio txikia eman dio, merezimendu gisa, zerbitzuan lan eginez lortutako esperientziari. Horrela, egungo langileen zati bat kanpoan geratuko da; hain zuzen ere, espetxeen kudeaketa transferitu zenetik azken urteotan zerbitzua aurrera atera duten langileak. Erabaki politikoa da hori, eta, helegitea jartzerik ez badago ere, guztiz deitoragarria eta kritikagarria da.
Hala ere, badira beste arrazoi batzuk ere, ELAren ustez indarrean dagoen legedia urratzen dutenak. Hauek dira:
Euskara: indarreko araudia urratzen duen baremoa, eta zerbitzu publiko hau herriko bi hizkuntza ofizialetan eskaintzea eta lan egitea bermatzen ez duena
Oinarriek puntuazio bera ematen diete B2/B2, B2/C1, C1/C1, C2/C1 eta C2/C2 mailei, inolako arrazoirik eman gabe, eta euskararen erabilera normalizatzeko araudiak ezartzen dituen gutxieneko ehunekoen azpitik geratzen dira. Gainera, plazak hizkuntza-eskakizunik gabe deitzen dira, modu engainagarrian: ez da aipatzen Lanpostuen Zerrendak (LZ) 2. hizkuntza-eskakizuna esleitzen diela lanpostuen ehuneko handi bati, eta horietako askotan derrigortasun-data 2027ko abendua dela. Ez da lehen aldia: Sailak dagoeneko zuzendu behar izan zuen euskararen balorazioa espetxe-eskalako lan-poltsetan. Berriro ere erakutsi dute gutxi axola zaiela euskara, bai eta euskara-ezagutza egiaztatua duten izangaiak ere.
Proba fisikoak: diskriminatzaileak, kanporatzaileak eta justifikaziorik gabeak
ELA izan da proba fisiko kanporatzaileen aurka agertu den sindikatu bakarra. Salatu du proba horietan sexuaren araberako zuzenketa inkoherenteak aplikatzen direla, emakumeak diskriminatzen dituztenak, eta 18 eta 60 urte bitarteko izangaiei marka berberak eskatzen zaizkiela, adinaren araberako irizpiderik ez dagoelako. Era berean, ebaluazio horiek ez daude lanpostuaren eginkizunekin lotuta, eta ez daude behar adinako azterlan edo txosten teknikoetan oinarrituta. Azkenik, sindikatutik gaitzetsi dugu deialdiaren oinarriek ez dituztela jasotzen hautagaiek aldez aurretik jakin beharko lituzketen funtsezko hainbat alderdi.
Horregatik guztiagatik, ELAk helegitea aurkeztu du aipatutako oinarrien aurka, bi helburu zehatzekin: euskara behar bezala baloratzea eta Zigor Betearazpeneko Laguntzaileen kolektiboan enplegu publikora sartzeko proba fisikoak kentzea.
ELAk berme osoak dituen euskal espetxe-eredu baten alde egiten jarraituko du: gure herriari dagozkion lan-baldintzak dituena, bi hizkuntza ofizialak errespetatzen dituena, eta gizarteratzearen helburua betetzeko behar adina baliabide dituena.