ELAk parte hartuko du Parisen ospatuko den Europako Sindikatuen Konfederazioaren XIII. Kongresuan
ELAko ordezkaritza batek parte hartuko du gaur hasi eta urriaren 2a bitartean Parisen ospatuko den Europako Sindikatuen Konfederazioaren (ESK) XIII. Kongresuan.Bertan izango da Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusia ere.
ELAren aburuz, Kongresuaren testuinguruak honako ezaugarri hauek izango ditu:
- Migrazio-krisia, Europan gertatzen ari dena, Europako proiektu politiko eta sozialaren ahulezia (eta porrota ere bai) agerian utzi duena.
- Austeritate-politikak eta haien ondorioak: langabezia inoiz baino gorago, gizarte-prestazioen murrizketa, negoziazio kolektiboaren erreformak, langileen eskubideen aurkako eraso orokorrak... Horiek direla-eta, izugarrizko soldata-jaitsiera gertatu da, eta prekarizazioa orokortu, eta horrekin batera desberdintasunak eta pobrezia ugaldu.
- Sindikalismoaren aurkako erasoa. Defentsa kolektiborako tresna izateagatik.
Bestalde, une erabakigarrian gaude, baita ere, hurrengo puntu hauei dagokienez:
-Klima-aldaketaren aurkako borroka: bi hilabete barru COP-21 izango da Parisen, eta ekiteko unea da, aldaketa geldiarazteko. Aldatu dezagun sistema, sistemak klima aldatu ez dezan.
- Merkataritza eta inbertsio askeko itunak negoziatzea: TTIP eta TISA bezalakoak, itun horiek sinatzeak kalte handiak eragingo lizkieke zerbitzu publikoei, eskubideak babesteko arauei (biziaren arlo guztietan, lan-arloan ere bai), eta azken batean demokraziari eta herrien subiranotasunari.
ELAren ustez, sindikalismoak testuinguru horretan dituen erronkak itzelak dira, baita barne ikuspegitik ere.
Sindikalismoak erronka handi bat dauka: indar-korrelazioan irabaztea, egoera honetara ekarri gaituzten politikei aurre egiteko. Horretarako, gora egin behar sindikalizatze-tasetan; horrela bakarrik antolatu ahal izango dugu borroka lantoki bakoitzean, sektore bakoitzean, eta esparru bakoitzean; eta horrela bakarrik finkatuko dugu oinarria Europako mailaren borrokak antolatzeko.
Erronka horiei guztiei aurre egiteko, estrategikoa izango da aliantzak egitea beste gizarte-mugimendu batzuekin.
Kongresuan Jarduera Txostena onetsiko da, eta Parisko Aldarrikapena eztabaidatu eta bozkatuko da, hala nola Ekintzen Programa, hurrengo lau urteetarako.
Azkenik, badago beste dokumentu bat eztabaidagai: ESKk hurrengo agintealdirako bete behar duen papera. Dokumentu hori oinarritzat hartuko da Kongresuan eztabaidatzeko eta gero, hala balegokio, onesteko.
Kongresuan, bestalde, zuzendaritza-talde berria hautatuko da: lehendakaria, idazkari orokorra. Hona hemen proposamena:Rudy De Leeuw, Presidente y Luca Visentini, Idazkari nagusia.