ASUNCIÓN KLINIKA (TOLOSA)

Ospitale guztiz publikoa eskatzeko eta subrogazioa bermatzeko manifestazioa

Ospitale guztiz publikoa eskatzeko eta subrogazioa bermatzeko manifestazioa
ELAk eta LABek manifestazioa deitu dute azaroaren 22rako, Tolosaldearentzat ospitale % 100 publikoa eta zerbitzu guztiekin izatea eskatzeko. Gainera, langile guztien subrogazioa bermatzea eskatuko da.

Sailburuak egunotan ospitale berriaren inguruan eman dituen xehetasunek ez dute bermatzen Tolosaldeako herritarrentzat 100% publikoa izango den eta zerbitzu guztiak izango dituen osasun arretarik, ez eta Asuncioneko langileak ospitale berrian lanean jarraitu ahal izatea. Horregatik, ELAk eta LABek manifestazioa deitu dute azaroaren 22rako, Asuncioneko 350 langileren enplegua bermatu dadin eskatzeko

Langileek urte asko daramatzate herritarrekin batera Tolosaldeako ospitale publikoaren aldeko aldarrikapenetan murgilduta. Hasieratik zehaztutako hiru aldarrikapen nagusi horietatik, egun, ez dago bat bera ere bermatuta.

Izan ere, egunotan Osasun Sailburuak bai enpresa batzordeari emandako zein publiko egin dituen berriak kontuan hartuz, gaur egun, Asuncionen lanean dauden 350 langileek ez dute inolaz ere bermatuta lanean jarraitzea. Kontuan izan behar dugu hauetako langile asko urte luzez aritu direla eskualdeko herritarrei zerbitzu publikoa ematen, pribatizatuta eta egoera kaskarrekin. Sailburuordeak hitzez mahai gainean jarri duen proposamenak soluzio partziala eta denboran mugatua eskaintzen du eta ez dugu ontzat ematen.

Orain hilabete gutxi Donostiako Onkologikoko langileak subrogatuak izan dira eta gaur egun Osakidetzako langileak dira. Beraz, ahoz egindako proposamen honetan, atzera egin dezala eta Onkologikoan egin den bidea hartzea eskatzen dute langileek.

Ospitaleak izango dituen zerbitzuei buruz, plan funtzionalik ez dago eta, beraz, xehetasunak falta dira. Hala ere, aurreratu dituen datu batzuk aztertuta, %100 publikoa izango den bermerik ez dago, ezta aldarrikatzen dugun zerbitzu guztiak izango dituen eskualdeko ospitalea izatea ere, besteak beste, OSI Donostialdeatik zintzilikatutako bereizmen handiko anbulatorio baten itxura duelako.

Beste aldarrikapenekin batera, langileek Osasun sailburuari subrogazioa eskatzen diote. Edo, bestela, Tolosan eraikiko den ospitale berrian subrogatuak izango direla bermatzea. Testuinguru honetan ELAk eta LABek manifestazioa deitu dute azaroaren 22rako Tolosan, 12:00etan Triangulo plazan. Ahalik eta jendetsuena izan dadin, eta inoiz baino ozenago aldarrikatu beharra dagoela iritzita, sindikatuek eskualdeko eragileei atxikitzea eskatzen diete eta, bide batez, Tolosaldeako alkateei, langileen subrogazioa bermatzen ez bada, proiektua ontzat EZ ematea eskatzea.

Langileek lan eskubideen defentsan eta Tolosaldeak behar duen bestelako osasungintza publiko baten alde borrokan jarraituko dute.