Cabieces kasuak agerian utzi du sistema ustel bat

2015/02/11
Fiskalari egindako adierazpenaren ondoren, jakin ahal izan dugu Kutxabanken “ordain irregularra”, “lege sekretu” batzuren baitan egin izan dena, ez zela bakarra. ELAk aurrez esan izan du halako jokabide batek agerian uzten duela “ezkutuko agenda” bat, botere ekonomikoaren eta alderdi politiko batzutako elite jakin batzuren interesek baldintzatua.

Cabiecesek aitortu zuen beste nonbaitetik ere dirua jasotzen zuela, baina ez zuen argitu nondik. Fiskalak esan du beste ordaina Iberdrolatik zetorrela. Hau eskandalu bat da, eta nabarmen uzten du enpresa handien eta beren zerbitzura duten klase politikoarekin dagoen elkar aditzea. Hala da, zerbitzariak dira.

Ezin ahaztu Zapaterok Rajoyri boterea eskualdatu zionean bidean konpainia elektrikoei 3.000 milioi euro exijitzeko oinarria ematen zuten agiri batzuk galdu zirela. Inork ez daki zer dela eta desagertu zen dokumentazio hura. Kontua da elektrikoek, Iberdrolak barne, 3.000 milioi horiek aurreztu egin dituztela.

ELAren ustez, gardentasuna askoz handiagoa litzateke sistemaz ezagutaraziko balira enpresa handietako, finantza-sistemako eta hauen partaidetza duten sozietateetako Administrazio-Kontseiluetan dauden politikarien izenak.

Honek guztiak agerian uzten du sistema ustel bat; legalitate itxura emanagatik, borondateak erosi egiten dira, politikariek interes jakin batzuk babes ditzaten.