Administrazioko langile laboralentzako beste erreforma bat
ELAren ustez, PPk Arlo Publikoa Arrazionalizatzeko legegaiari egin dion zuzenketarekin administrazioko langile laboralentzako beste erreforma laboral bat ezarriko da; aipatutako legegaia egunotan espainiar Senatuan ari da tramitatzen.
PPk ezarri nahi duen erreforma laboral honek administrazioan egoerarik prekarioenean dauden langileei eragiten die zuzenean: lege-iruzurra eginez kontratatutako laboaralak, aldi baterako laboralak, lan-arloko epai baten ondorioz finko ez diren laboral mugagabeak, lankidetza sozialeko kontratu bidez zerbitzuak administrazioetan egiten ari diren langabeak, ikertzaile publikoak edota kudeaketa-aginduz administrazioentzat lanean ari diren beharginak.
Zuzenketan PPk bereizi egiten ditu langile publikoak, eta irizpidea da “halabeharrez bete beharreko postua” betetzen duten ala ez. “Halabeharrez bete beharreko postua” dutenek lan horretan jarraituko dute plaza araubidez ezarritako prozesuen bidez osatu arte (lehiaketa, oposizioa, lehiaketa-oposizioa). Baina bete beharreko gisa hartzen ez diren postuetan dauden langile publikoen kasuan lan-harremana lanpostua amortizatuz iraungi ahal izango da, Langileen Estatutuko (LE) 49.1 C artikuluko eraginekin, eta beraz, lan egindako urte bakoitzeko 8 eta 12 egun bitarteko kalteordainarekin. Ez dira aplikagarri izango kaleratzeetarako LEko 51 eta 52 artikuluetan aurreikusten diren eraginak, hots, urteko 20 egunak.kaleratzeak erreztu eta kalteordainak asko merkatzen da horrela.
Bestalde, zuzenketak LEko 15.1 artikulua aplikatzea lekarke, lan edo zerbitzu jakineko kontratuen gehienezko iraupenari dagokionez (kontratuetan iruzurra saihesteko LEak ezartzen du gehienez aldi baterako kontratu bat izango dela). Artikulu honen salbuespenak herri-administrazioak prekarietatearen aitzindari bihurtzen ditu. Horrela administrazioko aldi baterako enplegua arau orokor izango da.
Beraz, PPk arlo publikoan beste behin estutu nahi ditu langileak; erreforma laboral berri honen helburua da enplegu publikoa suntsitzea, kolektiboaren baldintzak are prekarioagoak egitea eta publikoa denarekin negozioa egiteko politikari eustea.
ELAk euskal alderdi eta erakundeei eskatzen die ez diezaiotela lege honi babesik eman, enplegu galera, prekarietate handiagoa, zentralizazioa eta zerbitzu publikoen aurkako erasoa ekarriko baititu. Halaber, eskatzen dugu ez dadila Hego Euskal Herriko erakundeetan aplikatu.
ELAk dei egiten die berriro zerbitzu publikoetako langileei, politika hauek errotik aldatzeko mobiliza daitezen.