BIOBIZKAIA

ELAk epaitegietan exijitu du baldintzen ekiparazioa Osakidetzarekin

ELAk epaitegietan exijitu du baldintzen ekiparazioa Osakidetzarekin
Langileek Zientziaren Legea aplikatzea eskatzen dute eta ikerketaren arloko prekaritatea salatu dute.

ELAk epaitegietara eraman du Biobizkaian lan baldintzak hobetzeko aldarrikapena, eta epaiketa Bilbon egin den egun berean, langileek kontzentrazioa egin dute egoera salatzeko. Bioinstitutuak Osakidetzak kudeatzen ditu, baina langileen gehiengo handia ez dago zuzenean kontratatuta. Ondorioz, haien lan baldintzak okerragoak dira eta ez zaie ibilbide profesionala aitortzen.

ELAk demanda jarri du ikerketa zentroko langileei Osakidetzako lan baldintzak aplikatzeko helburuarekin. Zehazki, 2022an onartutako Zientziaren Legea betetzea eskatzen du; lege horren arabera, eskubideak eta baldintzak euskal osasun sistema publikokoekin parekatu behar dira.

ELAk uste du araudi hori aplikatzea funtsezkoa dela ikerketaren arloan egonkortasuna eta lan baldintza duinak bermatzeko. Legea beteko balitz, Bioinstitutuetako langileek %30eko soldata igoerak izango lituzkete, eta kategoria baxuenetan hobekuntzak are nabarmenagoak lirateke.

Prozesu judizialaz gain, langileek beste eskaera batzuk azaleratu dituzte. Zientziaren arloko prekaritatea salatu dute eta lanaren aitortza handiagoa eskatu dute, baita soldata duinak ere.

Halaber, euren lanak osasun sistemarentzat duen garrantzia azpimarratu dute, Bioinstitutuetan maila handiko ikerketak egiten direla gogoraraziz, besteak beste, minbiziaren, esklerosiaren edo alzheimerraren inguruan; lan horiek funtsezkoak baitira aurrerapen zientifikorako eta osasun publikoaren hobekuntzarako.