Euskaraz negoziatzea langileon eskubidea da
Tamalez, hala gertatu zen. LHK-k ez zituen beharrezko baliabideak jarri, oraindik lortu ez zituela aitzakia gisa argudiatuta; ondorioz, ELA sindikatuak bere burua eskaini zuen itzultzaile lanak egiteko, nork bere hizkuntzan hitz egin ahal izatea bermatze aldera.
Hala ere, FVEM patronalak uko egin zion ELAk egindako eskaintzari, nahiz eta bere ordezkarietako batzuek euskarazko azalpenak ez ulertu. CCOOk esan zuen LHK-k jarritako baliabideen zain geratzea hobesten zutela. LABek, aldiz, lehenengo euskaraz eta ondoren gazteleraz emango zituela azalpen guztiak. UGTk ez zuen bestelako oztoporik jarri, baina beste sindikatuek eta patronalak bezala, ez zuten ELAren itzulpen zerbitzua erabili.
Tamalgarria iruditzen zaigu LHKren jarrera. Denbora nahikoarekin jakin arren eskariak zeintzuk ziren, ez da gauza izan beharrezko itzulpengintza-baliabideak bermatzeko. Jakinik, gainera, aldi bereko itzulpen zerbitzuak badaudela eskuragarri erakunde publiko ezberdinetan eta nahikoa izaten dela haiei eskaria luzatzea, diru kopuru txiki baten truke zerbitzua eskuratzeko. Are tristeagoa iruditzen zaigu FVEM patronalaren jarrera, ELAren eskaintza baztertuz bere ordezkarietako batzuek euskara ulertu ez arren.
Hizkuntza eskubideak oinarrizko giza-eskubideak dira. ELAk oinarrizko eskubide dena gauzatu besterik ez du egin, inori ezer inposatu gabe. Euskaraz egiteko dagokigun eskubidea gauzatu besterik ez dugu egin eta horrela jarraituko dugu aurrerantzean ere ahal dugun guztietan.
LHKri, erakunde publikoa den aldetik, exijitzen diogu eragile guztion hizkuntza eskubideak bermatze aldera beharrezkoak diren baliabideak jar ditzan aitzakia eta atzerapen gehiagorik gabe.