Zentralizazio prozesua gizarte-eredu bidegabea areagotzeko baliatu da

2015/12/02
Abenduaren 20ko hauteskundeak direla-ta, ELAk bere proposamena plazaratu du. Sindikatuaren iritziz Euskal Herri burujaberantz aurrera egiteko bi kontu konbinatu behar dira: bide propioa eta gizarte-politiken aldeko apustu gogorra. ELA prest dago bide hortatik joateko bi norabideetan engaiatzeko prest dauden indarrekin.

Ia hogei urte dela, ELAk Gernikako ekitaldian adierazi zuen Gernikako Estatutua (baita, noski, Foruaren Hobekuntza ere) hilda zegoela. Ordutik hona Euskal Herriaren eta espainiar Estatuaren artean gertatu denak ondorio batera garamatza: zalantzarik gabe, ezinezkoa da aldebikotasuna arlo guztietan inboluziora jo duen estatu batekin. Hots, Espainia inboluzionistarekin akordiora iristeko modu bakarra dago, estatuaren politika onartzea. Esan daiteke ere egungo marko juridiko-konpetentzialaren eraginez Euskal Herrian desberdintasun eta injustizia soziala handiagoa dela.

Halaber, azken urteetako zentralizazio eta inboluzio prozesua (Zapatero eta Rajoyren gobernuekin garatu dena) gizarte-eredu bidegabea areagotzeko baliatu dela, salatu du bere txostenean.

Egoera honetan, gero eta argiago, euskal erakundeak estatuaren erabakien kudeatzaile huts bilakatu dira; antza, eginkizun honekin lasai bizi dira, autogobernuaren aurkako eraso honi aurre egiteko ez baitute bat ere kemen politikorik agertzen.

Kataluniaren eredua oso jakingarria da. ELAk hango bi ezaugarri nabarmendu nahi ditu:

  • Nazio haren eskarmentuak parlamentuko gehiengoa eraman du beto espainiarraren menpe izango ez den prozesu bat hastera. Hots, erabaki dute bide bati jarraitzea espainiar estatuari begira geratu gabe, konfrontazio demokratikoa lehenetsiaz.

  • Gizarteko borondateak batzeko ardatza soziala izango dela erabaki dute. Bizi-kalitatea hobetzea, eskubide sozialen aitortza, funtsezkoa da herritar katalan gehienen borondatea independentziaren kausara biltzeko.

ELAk ere bere egiten ditu bi ondorio horiek. Euskal Herri justuago eta solidarioago bateranzko bidea egiteko prozesuak estatuarekiko desobedientzia aintzat hartu behar du, hala behar balitz, eta horretarako beharrezko diren instituzioen sorrera. Halaber, ezinbestekoa da politika publikoak (aurrekontu eta zergei dagokionez) errotik aldatzea, gizarte-politikak eta zerbitzu publikoak zeharo hobetze bidean jartze aldera.

Euskal Herri burujaberantz aurrera egiteko bi kontu horiek konbinatu behar dira. Bide propioa eta gizarte-politiken aldeko apustu gogorra. ELA prest dago bide hortatik joateko bi norabideetan engaiatzeko prest dauden indarrekin.