ELA kezkatuta dago lantegien etorkizunarekin eta enpleguarekin
Arcelor Mittalek urteak daramatza Euskal Herrian desindustrializazio prozesu bat bultzatzen, ekoizpen plantak itxiz eta enpresa uzten duten pertsonak ordezkatu gabe. ELA oso kezkatuta dago egoerarekin, eta honako hau adierazi nahi du:
- Zuzendaritzak Legasa ixteko UGTrekin adostu duen espedientea azken urteetan izandakoei batu behar zaio (Zarra Industriak, Agurain eta Zumarraga). Gainerako lan zentroetan eredu bera errepikatzen da: Langile gutxiago eta urtetik urtera gora egiten duen batez besteko adina. Plantillak erabat mugatuta daude multinazionalak langile berriak ez kontratatzeko duen obsesioarekin.
- Lantegietan ez da inbertsiorik egiten, eta horrek erakusten du enpresak ez duela etorkizuna bermatzeko industria planik garatu nahi. Instalazio askok hamarkadak daramatzate modernizatu gabe, eta horrek lan osasunarentzat arrisku handia suposatzen du. Arcelor Mittalen lantegietan berriki gertatzen ari diren istripuek enpresa zuzendaritzari erreakzionatzera behartu beharko lukete, baina ekoizpena mantentzea da helburu bakarra.
- Arcelor Mittaleko zuzendaritza langileen banakako irteerak bilatzen ari da etengabe, errelebo-kontratua aplikatu gabe, eta enplegua suntsitzen jarraitzeko, enpresa uzten duen langilea ordezkatu gabe.
- Zuzendaritzak, halaber, Estatuko negoziazio esparruak inposatu nahi ditu, langileengandik urrun, haien interesetarako akordio egokiak lortzeko. Horren adibide dira adostutako espedienteak, edo berdintasun plana, bere horretan ez duelako genero arrakala haustea bilatzen.
ELAk hainbestetan salatu duen egoera horren aurrean, Gasteizko eta Iruñeko gobernuak berriro interpelatzen ditu. Ez du kezka mezurik behar enpresak hurrengo espedientea planteatuko duenean, Arcelor Mittalen desindustrializazio prozesua gelditzeko jardun behar da. Enpresak laguntza publiko ugari jasotzen ditu, eta 2025eko lehen seihilekoan 2.598 milioi dolarreko irabazi garbiak izan ditu. Langileek sortzen dituzten onurek isla izan behar dute industria planetan, inbertsioak bultzatuz eta kalitatezko enplegua bermatzeko.